Politika -
Transferentziak
Transferentzien Batzorde Teknikoa asteazkenean bilduko da berriro
Hitzordu horren helburua da lau eskumenen eskualdatzearen gaineko akordioa lortzea, Transferentzien Batzorde Mistoa ostegunean bildu dadin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Transferentzien Aldebiko Batzorde Teknikoak bilera egin du astelehen honetan, bideokonferentzia bidez. Espainiako Gobernuko eta Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu duten bilera horretan, eta bi ordu eta erdi iraun du. Bertan adostu dute datozen orduetan informazioa elkartrukatzen jarraitzea eta asteazkenean berriro biltzea.
Hain zuzen ere, akordio bat lortzeaz arduratuko da aipatu batzordea. Behin helburua erdietsia, Transferentzien Batzorde Mistoan izenpekoa idatziko dute, lau eskumen gehiagoren eskualdatzerako beharrezkoak diren kontu tekniko guztiak ostiraleko 00:00ak orduko, alegia, hauteskunde orokorren kanpaina abiatu orduko, ixteko.
Gaurko bilera 12:00etan hasi da. Esan bezala, gai juridikoetan, ekonomikoetan eta sektorialetan adituak diren bi gobernuetako adituek parte hartu dute, Jaurlaritzako iturriek aurreratu dutenez.
Biek ala biek "lana aurreratu dute", baina bi orduren buruan batzarra bukatzea adostu dute, hurrengo orduetan "informazioa elkartrukatzeko konpromisoa" hartuta. Gainera, asteazken goizean berriro bilduko dira.
Hitzordu horren helburua da lau eskumenen eskualdatzearen gaineko akordioa lortzea, Transferentzien Batzorde Mistoa ostegunean bildu dadin.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzo esan zuen negoziazioa "aurreratuta" doala, baina badirela ebatzi gabe geratu diren zenbait kontu, balorazio ekonomikoarekin lotutakoak, nagusiki. Halaber, Erkorekak esan zuen ziurrenik ostegunean bilduko dela Batzorde Mistoa, lau eskumenen eskualdatzea kanpainari ekin orduko gauzatze aldera.