Politika -

Eusko Legebiltzarra

Poliziaren hiru sindikatuk Julen Arzuaga parlamentariaren aurkako salaketa jarri dute

Estatuko Segurtasun Indarrak "iraintzea" leporatzen diote SPP , SUP eta UFP sindikatuek EH Bilduko parlamentariari.  

Poliziaren sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Poliziaren sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean.
Poliziaren sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astean, Poliziaren indarkeriak eragindako biktimak aitortzeko legea onartzeko saioa egin zuten Legebiltzarrean.

Tentsio handiko bilkura izan zen, eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen agerraldiak Alderdi Popularreko parlamentarien eta ikusleen artean zeuden Poliziaren sindikatuetako ordezkarien haserrea eragin zuen.

Beraiek eragindako biktimak ez aitortzeko helburuarekin, Estatuko Segurtasun Indarrei lotutako erakunde korporatiboek "'lobby' nazkagarri bat" osatu dutela salatu zuen Arzuagak, eta, ondorioz, bere "mespretxua" adierazi zien.

Astelehenean, Espainiako Poliziaren SUP eta SPP sindikatuek salaketa bana aurkeztu zuten EH Bilduko legebiltzarkidearen aurka, Estatuko Segurtasun Indarren kontrako irainak eta kalumniak egotzita. Astearte honetan, hirugarren salaketa heldu da, UFP (Union Federal de Policias) sindikatuarena, hain zuzen, Estatuko Segurtasun Indarrak polizia nazi eta frankistekin erkatzeagatik.

SUPek Gasteizeko epaitegian aurkeztu du salaketa; eta SPP sindikatuak Estatuko Fiskaltza Nagusiarengana jo du.

Luis Mariano Rodado SUP sindikatuaren Euskadiko idazkari nagusiak zehaztu duenez, Arzuagak 3.000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ere eskatu dute, "bere adierazpenekin eragindako kalte moralak direla eta".

Joan den astean, Dignidad y Justicia elkarteak ere iragarri zuen Arzuagaren aurkako salaketa jarriko zuela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, gorroto delitua eta biktimak umiliatu izana leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak