Politika -
Zaballako espetxea
Salhaketak erantzukizunak eskatu ditu Zaballan hildako presoaren heriotzarekin lotuta
"Heriotza hori eta kartzeletan gertatutako beste hainbat ez dira saihestezinak, ezta naturalak ere", salatu dute hildako presoaren senitartekoek.
EiTB.EUS
Zaballako espetxean hildako presoaren¿ heriotza salatu du Salhaketak astelehen honetan, eta datorren asteazkenean Jaurlaritzaren ordezkariordetzaren aurrean, Gasteizen, elkarretaratzea egingo dutela iragarri du.
Goizean emandako prentsaurrekoan, astelehenean hildako gaztearen izeba eta aita izan dira. Senitartekoek jakin zutenez, urkatuta agertu zen ziegan. Arrarotzat jo dute gertatutakoa: "Espetxeetan jazotzen diren heriotza gehienak ez dira saihestezinak, ezta naturalak ere", kritikatu dute.
Ildo horretan, gaztearen heriotzaren berri izan zuenean, familiak jasotako arreta eza salatu dute. Dirudienez, oraindik ez dizkiete biktimak kartzelan zituen "gauzak" eman, bost egun egon dira gaztearen gorpua ikusi ezinik eta ez dute "doluminik" jaso.
Egoera horren aurrean, erantzukizunak eskatu dituzte, eta argi utzi dute gertatutakoa ikertzen jarraituko dutela, "bide juridiko guztiak agortu arte".