Politika -

Euskal Estatutua

Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza, lau eskumenen transferentzia adostear

Bi gobernuetako ordezkariak datorren astean bilduko dira, lau eskumen Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratzea ahalbidetuko lukeen akordioa ixteko asmoz.

Josu Erkoreka eta Meritxel Batet. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Erkoreka eta Meritxel Batet.
Josu Erkoreka eta Meritxel Batet. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza datorren astean bilduko dira lau eskumen transferitzeko akordioa ixteko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratuko liratekeen eskumenak hauek dira: lan-erregulazio espedienteek kaltetutako langileen erretiroarena, produktu farmazeutikoen gaineko legediarena, ikastetxeetako seguruarena eta AP-68 autobidearena.

EAJk Pedro Sanchezen Gobernuak aurkeztutako sei lege-dekretuak babestu eta gero iritsi da bileraren baieztapena. Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioaren alde bozkatu zuten talde parlamentario guztiek babestu dituzte aipatu dekretuak, tartean EH Bildu; PPk soilik bozkatu du aurka.

Atzo, Josu Erkorekak esan zuen bi gobernuen arteko harremanak areagotu egin direla azken egunotan, eta elkarri proposamenak helarazten ari zirela zehaztu zuen.

Gaur gauean, Lurralde Antolaketa eta Funtzio Publikoko Ministerioak oharra bidali du datorren astean Transferentzien Batzorde Mistoa bilduko dela jakinaraziz eta batzar horretan arestian aipatutako lau eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko akordioa ixten saiatuko direla esanez.

Horrez gain, Gernikako Estatutua betetzeko helburuarekin Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza iaztik harremanetan daudela gogoratu du Ministerioak. 2018ko uztailean, Pedro Sanchez eta Iñigo Urkullu lehendakaria bildu ziren; eta hilabete lehenago, ekainaren 22an, Meritxell Batet Lurralde Antolaketa eta Funtzio Publiko ministroa Josu Erkorekarekin batzartu zen, transferentzien auzia epaitegietatik atera eta elkarrizketaren bidez konpontzeko borondatea agertuz.

Jarrera aldaketa horren erakusgarri, joan den azaroan merkantzia garraiatzeko bi trenbide linea eta AP-1 autobidearen Arabako zatia transferitu zituen Espainiako Gobernuak. 2011n egin ziren azken transferentziak.

Eusko Jaurlaritzak ere baieztatu du datorren asteko bilera. Lau eskumenak transferitzeko ituna hauteskunde-kanpaina hasi aurretik ixten ahaleginduko direla erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua