Politika -
Presoak
Aitzol Gogorza gaixorik dagoen presoa kartzelatik irten, eta etxean beteko du zigorra
Basauriko espetxetik atera da presoa, eta Errenteriako etxean beteko du zigorraren azken zatia. Martuteneko kartzelako funtzionario bat hiltzen saiatzeagatik betetzen ari da zigorra.
Agentziak | Erredakzioa
Aitzol Gogorza presoa kartzelatik atera da, eta zigorraren azken zatia bere etxean beteko du, espetxe-zaintzako epaileak erabaki duen bezala. Sarek eman du gaixotasun larria eta sendaezina duen preso honi buruzko informazioa.
Basauriko (Bizkaia) kartzelan zegoen Gogorza, nahasmendu obsesibo-konpultsiboarekin eta ideia suizidekin. Bere legezko ordezkariek urteak eman dituzte kartzelatik ateratzeko eskatzen.
Azkenik, espetxetik atera da presoa, eta zigorraren azken zatia bere etxean beteko du, Errenterian (Gipuzkoa), kontrol neurri batzuen zaintzapean.
2015eko urrian, Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren botoekin, Gogorza kartzelatik ateratzea eskatu zuen, daukan gaixotasun mental "larria eta sendaezinagatik".
Gogorzak 20 urte eman ditu espetxean. 1999an atxilotu zuten, errepide kontrol batean Mont-de-Marsanetik gertu (Frantzia). Frantziar Estatuan zigorra bete ondoren, Auzitegi Nazionalak epaitu zuen, eta 20 urteko kartzela zigorra jarri zion, 2015eko ekainean, Juan Jose Baeza Martuteneko espetxeko funtzionarioa hiltzen saiatzeagatik. Lepoan zauritu zuten Baeza, tiroz.
Gogorza kartzelatik ateratzea "herritarrek, erakundeek eta Errenteriako elkarteek" egindako presioaren ondorioa da Sarerentzat.
Gogorarazi dutenez, oraindik larri gaixo dauden 20 preso daude, eta "gaixotasuna baldintza duinetan tratatua izateko eskubidea daukate, beranduegi izan baino lehen".
Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak uste du espetxe-zaintzako epaileak hartutako erabakia, Basauriko kartzelako tratamendu-batzarrak proposatuta, "gaixotasun larriak dituzten presoentzat irtenbide duina eta arrazoizkoa da, behar duten tratamendu medikoa jasotzea ahalbidetzen duelako".
Irizpide hori larri gaixo dauden preso guztiei zabaltzearen alde egin du Arzuagak, eta gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak eskatu egin zuela.