Politika -

Hauteskunde-batzordea

'Preso politikoak' eta 'erbestea' esamoldeak erabiltzea debekatu diote TV3i

Hauteskunde-batzordearen hitzetan, esamoldeen erabilpena “aniztasun politiko eta sozialaren aurkakoa da, baita berdintasun, proportzionaltasun eta neutraltasun informatiboaren kontrakoa ere”.

TV3 telebistaren egoitza. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
TV3 telebistaren egoitza.
TV3 telebistaren egoitza. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Hauteskunde-batzordeak TV3eko eta Catalunya Radioko albistegiei 'preso politikoak', 'erbestea' eta 'errepresioari epaiketa' esamoldeak erabiltzea debekatu die ostegun honetan, alderdi zehatz batzuen hizkuntzaren parte direla iritzita.

Hauteskunde-batzordearen ebazpenaren arabera, esamoldeen erabilpena "aniztasun politiko eta sozialaren aurkakoa da, baita berdintasun, proportzionaltasun eta neutraltasun informatiboaren kontrakoa ere". Batzordearen hitzetan, printzipio horiek komunikabide publikoen jarduera gidatu behar dute hauteskunde garaian.

Corporacio Catalana de Mitjans Audiovisuals (CCMA) kudeatutako komunikabide publikoek “indarrean dagoen legeditik at dauden praktika informatiboak saihestu behar dituzte, hauteskunde garaiko neutraltasun informatiboari kalterik ez egiteko”, Hauteskunde-batzordeak azaldu duenez.

Era berean, Auzitegi Gorenean buruzagi independentisten aurka egiten ari diren prozesuari erreferentzia egiteko, ‘errepresioari epaiketa” hitzak erabili behar ez direla uste du Batzordeak. "Zuzenbidezko Estatuaren arauen araberako epaiketa" dela erantsi du.

Ciudadanosek eraman zuen gaia Hauteskunde-batzordera, baita martxoaren 16an, Madrilen presoen alde egindako manifestazioaren emankizuna ere.

Zentzu horretan, CCMMA zigortzeko espedientea abiatzea eskatu du Hauteskunde-batzordeak, manifestazioaren estalduran aniztasun politikoa eta neutraltasun informatiboa urratzea leporatuta.

Torra: "Zentsuraren banderarekin lotsagabe azaltzen da estatu autoritarioa"

Quim Torra Generalitateko presidenteak TV3i babesa adierazi dio, eta Hauteskunde-batzordeari “inpartzialtasun eza” egotzi dio.

“Batzordearen inpartzialtasun ezak komunikabide publikoen edukiak erabakitzera eraman du hauteskunde kanpainatik at. Zentsuraren banderarekin lotsagabe azaltzen da estatu autoritarioa”, deitoratu du Torrak Twitter sare sozialean.

Azkenik, adierazpen eta informazio askatasunari babesa adierazi dio Generalitateko presidenteak.

Albert Rivera

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak Batzordearen erabakiarenganako errespetua azaldu du. “Neutraltasun informatiboa” bermatzea eta “alde bateko hizkera eta esamoldeak ez erabiltzea” eskatu die Kataluniako komunikabide publikoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean