Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak
EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute eta atzera bota dute EH Bilduk aurkeztutako proposamena. Elkarrekin Podemosek, ostera, alde bozkatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko EH Bilduk egindako proposamena baztertu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak. EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ostera, alde. Horren aurrean, EAJk eta PSE-EEk adostutako ekimen bat atera da aurrera, hain zuzen ere, negoziazio kolektiboaren markoaren baitan soldatak "modu orokorrean" igotzea eskatzen duena.
Gaur egun gutxieneko soldata 900 eurokoa da. EH Bilduk 900 eurotik 1.200 eurora igotzea eskatzen zuen proposamen bat eraman du Legebiltzarrera, eta Elkarrekin Podemosekin testu bat ere adostu du. Dena dela, ez da azkenean aurrera atera EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatuko dutelako.
Aitzitik, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako testua onartu du Legebiltzarrak, bi alderdi horien aldeko botoarekin eta PPren abstentzioarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontrako botoa eman dute. Onartutako idatziaren arabera, beharrezkoa da negoziazio kolektiboaren markoaren baitan, soldatak modu orokorrean igotzea.
Hala, sindikatuekin adostutako Negoziazio Kolektiboaren Estatuko IV. Akordioa babestu du Ganberak. Horren arabera, urteko 14.000 euroko gutxieneko soldata erdietsi arte igoera progresiboa egingo dute.
Halaber, onartutako testuak eskakizun zehatza egin dio Eusko Jaurlaritzari: jarrai dezala kontratazio publikoak zaintzen, lan hitzarmenetan jasotako eskubide eta lan baldintzak bete daitezen.