Politika -

Proces auziaren epaiketa

Katalunian 'matxinada giroa' sortu zen I-20ren ostean, Baena koronelaren arabera

U-1eko antolaketa ikertu zuen Guardia Zibileko taldearen buruak esan du Katalunia 'bolborategi' bat zela. Ukatu egin du Twitterren independentismoaren aurkako mezuak jarri izana 'Tacito' ezizenarekin.

Proces auzia epaitzen ari den epaimahaia. EFEren artxiboko irudia
Proces auzia epaitzen ari den epaimahaia.
Daniel Baena teniente koronelak matxinada giroa nagusitu zela adierazi dio epaileari

2:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Baena Guardia Zibileko teniente koronelak proces auziaren epaiketan esan duenez, Uniposten egindako operazioaren—milaka errolda-txartel atzeman zituzten agenteek— ondotik, baina batez ere 2017ko irailaren 20aren ostean, 'matxinada giroa' sortu zen Katalunian. Defentsek egindako galderei erantzunez, berriz, independentisten kontrako mezuak zabaldu zituen Tacito ezizena zuen Twitter kontuko jabea zela ukatu du.

Baena urriaren 1eko erreferendumaren prestaketen inguruko ikerketaren burua izan zen, eta horren testigantza giltzarri izan da. Azpimarratu duenez, Kataluniako egoera errotik aldatu zen operaziook egin zituztenean: "Uniposten errolda-txartelak topatu genituen, eta kolpe latza izan zen". Biharamunean, irailaren 20an, operatibo berezi bat jarri behar izan zuten martxan, miaketen berri aldez aurretik izan eta probak deusezta ez zitzaten. "Hortik aurrera, matxinada giroa sortu zen", erantsi du.

"Katalunia bolborategia zen"

Ikerketa oztopatzeko, guztira, 88 ekintza izan zirela nabarmendu du Baenak. Zehaztu duenez, irailaren 20a baino lehen Guardia Zibilaren kontrako bi ekintza baino ez ziren izan, baina I-20tik Konstituzioaren 155. artikulua indarrean sartu arte 84 izan ziren, eta horren ondotik, bakarrik bi.

Bi data horien artean Katalunian sortu zen giroa deskribatu nahian, "bolborategi" hitza aipatu du Guardia Zibilaren teniente koronelak. "Hura bolborategi bat zen, edozein ekintzak saihestu nahi genuen kalte handiago bat sortuko zukeen, horregatik ez genituen atxiloketak egin. Egoera normal batean egingo genituen", justifikatu du.

Urriaren 1eko erreferenduma ahotan, Baenak esan du helburua ez ezik "prozesu guztiaren muina ere" bazela, "independentzia aldarrikatzeko eta Estatua gatazka egoeran jartzeko bete beharreko baldintza zen", erantsi du.

Baena Tacito dela ukatu du

Defentsek egindako galderen txandan, teniente koronelak azaldu du Guardia Zibilaren kontrako hainbat ekintza izan baziren ere, ez zutela inor atxilotu. Identifikatu, bai, hainbat lagun identifikatu zituztela argitu du, baina ez atxilo hartu. "Polizia judizialak ez du jendea atxilotzen, probak eta zantzuak biltzea da bere lana; atxiloketak azken baliabidea dira", argitu du. 

Defentsek instrukzioa hasi zenetik jarri dute Baenaren inpartzialtasuna zalantzan, eta hala, horri egindako lehen galdera aurreikusita zegoen: Zurea al da  @nmaquiavelo1984 profila, Tacito ezizena duena? "Ez", erantzun du. Twitter kontu horretatik independentismoaren eta buruzagi katalanen kontrako mezuak plazaratu ziren, eta Baenak berak Publico egunkariko kazetari bati aitortu zion berea zela (defentsek kazetaria lekuko gisa deitu nahi zuten, baina Marchenak ukatu egin zuen aukera).

Abokatuek nabarmendu dutenez, gauza bat dute komunean kontu horrek eta Baenaren kontu pertsonalak: bietan jabea politologoa da (Baena Zientzia Politikoetan lizentziaduna da).

Horregatik akaso, teniente koronelak esan du euren ikerketak ez zuela kutsu politikorik izan: "Ez ditugu ideia eta programa politikoak eta Gobernuko erakundeak ikertu. Gauzak egiten dituzten pertsonak ikertu ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean