Politika -
Hauteskunde orokorrak
Ikur subiranistak kentzeko aginduaren alde egin du Gorenak
Quim Torrak esteladak eta lazo horiak kentzeko Hauteskunde Batzorde Zentralak emandako aginduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Gorenean.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Kataluniako eraikin publikoetatik ikur subiranistak kentzeko Hauteskunde Batzorde Zentralak emandako agindua mantentzearen alde egin du astearte honetan.
Iturri juridikoek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, Gorenak gaur erabaki behar zuen kautela bereziko neurri horren inguruan; Hauteskunde Batzorde Zentralak Generalitateko edozein eraikin publikotik estaladak eta lazo horiak kentzeko agindu zion Torrari martxoaren 11n.
Torrak neurri horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta kautela bereziko neurria izanik, Gorenak 48 ordu zituen errekurtsoa aurkeztu zenetik epaia emateko.
Bestalde, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak auzitara eramango du Generalitateko presidente Quim Torra, Hauteskunde Batzorde Zentralak lazo horien harira emandako agindua ez betetzeagatik.