Politika -
KATALUNIAKO AUZIAREN EPAIKETA
Sanchezek ez zituen Guardia Zibilaren proposamenak onartu, I20ko tenientearen arabera
Aste honetako lehen lekukoaren esanetan, Sanchezek 'jarrera kolaboratzailea' zuela esan bazuen ere, ez zuen Guardia Zibilak aurkeztutako aukera bakar bat ere planteatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren gaurko saioan, Ekonomia Kontseilaritzaren miaketa zuzendu zuen guardia zibila izan da lekuko gisa deklaratzen lehena. Azaldu duenez, Sanchez jende oldearen "baliozko solaskide" gisa aurkeztu bazen ere, ez zituen onartu atxilotuak eraikinean baldintza seguruetan sartzeko Guardia Zibilak egindako proposamenak.
Orduan Guardia Zibilaren teniente zena (kapitaina da orain) izan zen Ekonomia Kontseilaritzaren egoitza miatzeko batzorde judizialaren ardura zuen agentea. Haren esanetan, Sanchezek "jarrera kolaboratzailea" zuela esan bazuen ere, ez zuen Guardia Zibilak aurkeztutako aukera bakar bat ere onartu eta, are gehiago, ez omen zizkien proposamenak jakinarazi ANC Kataluniako Asanblea Nazionaleko boluntarioei.
2017ko irailaren 20 hartan, Guardia Zibilak Lluis Salvado Ogasun idazkari ohiaren eta Josep Maria Jove Presidenteordetzako eta Ekonomia eta Ogasuneko departamentuko idazkari nagusi ohiaren bulegoak miatu zituen. Guardia Zibilak Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordearen garaiko bi arduradun horiek atxilotu zituen irailaren 20ko operazioan.
Lekukoak ziurtatu duenez, atxilotuak eraikinera sartu ahal izateko boluntarioz osatutako korridore bat osatzea proposatu zuen Sanchezek. Hala ere, agentearen esanetan, aukera horrek ez zien segurtasuna bermatzen atxilotuei eta, ondorioz, baztertu egin zuten.
Tenienteak esan duenez ez zuen miaketak amaitutakoan eraikinetik irteteko "ausardiarik" izan, "birrindu" egingo zituztelako. Gaineratu duenez, "arriskua objektiboa eta agerikoa" zen, eta atean zeuden bi mossoek ere iritzi bera omen zuten: "Kutxekin irteten baldin bazarete hil egingo zaituztete".
Goiz hartan izan zuten bileran Sanchez izan omen zen nolabait segurtasun alorrean egoera maneiatzen ari zena eta Teresa Laplana Mossoen intendenteak haren "soluzio" guztiak onartzen omen zituen.
Ekonomia Kontseilaritzaren egoitza miatzeko batzorde judizialaren ardura zuen agentea izan da hitza hartzen aurrena. Oriol Junqueras ERCko buruak zuzentzen zuen orduan Generalitateko Ekonomia Kontseilaritza.
Aste honetako lekukoen deklarazioak
Kataluniako prozesu independentistaren kontrako epaiketa bere zazpigarren astean sartuko da, eta, besteak beste, auziarentzat esanguratsuak izango diren hiru deklarazio hartuko ditu: batetik, 2017ko irailaren 20an Generalitateko Ekonomia Kontseilaritzaren miaketa zuzendu zuten bi guardia zibilek deklaratuko dute gaur, eta bestetik, U-1eko erreferendumaren prestaketen inguruko ikerketaren buru izan zen Daniel Baena Guardia Zibileko koronelak emango ditu bihar azalpenak epaileen aurrean.
Aste honetan, Daniel Baena Guardia Zibileko koronelaren deklarazioa izango da aipagarriena. Urriaren 1eko prestaketen inguruko ikerketaren burua izan zen.
Miaketen lekuko izan ziren Esquadra Mossoetako kideak ere igaroko dira epailearen aurretik aste honetan lekuko gisa, eta U-1ean nazioarteko behatzaile modura aritu ziren hainbatek ere deklaratuko dute.