Politika -

Altsasu auzia

60.000 pertsona bildu dira Altsasun, zortzi gazteri jarritako zigorrak salatzeko

Zigortutako gazteen senideak "oso hunkituta" agertu dira Nafarroako herrian bildu den jendetza ikustean. "Justizia eta proportzionaltasuna" eskatu dute.

Jendetza Altsasun. Argazkia: EiTB.
Jendetza Altsasun.
Milaka lagun, Altsasuko zortzi gazteri ezarritako zigorren aurkako martxan

2:05

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona manifestatu dira Altsasun —antolatzaileen arabera, 60.000 izan dira—, Hau ez da justizia! lelopean, Auzitegi Nazionalak herriko zortzi gazteri ezarritako zigorrak salatzeko. 2016ko urrian bi guardia zibilekin izandako liskarrarengatik zigortu zituzten.

Altsasuko Gurasoak "oso hunkituta" azaldu dira bildu den jendetza ikustean. Antolatzaileak, gainera, harro agertu dira herritarrek emandako erantzunagatik.

"Egun garrantzitsua da, ez bakarrik Altsasurako, baizik eta gizartearentzat orokorrean. Justizia, proportzionaltasuna eta guztion eskubideak eta askatasuna defendatzen ditugu. Harro gaude familiez, lagunez eta gizarteak emandako erantzunaz", esan dute.

Edurne Goikoetxeak, Ainara Urquijoren amak, epaiketa "pantomima bat" dela salatu du, eta nabarmendu du "aurretik igaro diren epaile gehienek Guardia Zibilaren intsignia bat" dutela.

Azaldu duenez, "hurrengo urratsa" Auzitegi Gorena da. "Hurrengoa Konstizuzionala litzateke, eta azkenik, Estrasburgo", esan du.

Altsasuko Gurasoak: 'Borroka egin behar dugu, edonori pasa dakiokeelako'
Altsasuko Gurasoak: 'Borroka egin behar dugu, edonori pasa dakiokeelako'
Altsasuko Gurasoak: 'Borroka egin behar dugu, edonori pasa dakiokeelako'

1:54

Pankarta zigortutako gazteen familiarrek eta lagunek eraman dute. Atzean, zortzi zigortuen argazkiak, 'Justizia' hitza sortzen zuten letra hori handiak, eta bandera, ikurrina eta estelada asko, beste sinboloen artean. "Altsasukoak askatu" izan da gehien entzun den aldarrikapena.

Gutuna Zaballatik

Manifestazioa bukatuta, Zaballako espetxean preso dauden zigortuek sinatutako eskutitz bat irakurri dute antolatzaileek. Gazteek elkartasuna eskertu diote jendeari, "bereziki Estatuko toki urrutietatik etorri zaretenoi", "espetxeari aurre egiteko asko laguntzen digute" eta.

Epaiketa egin duten modua eta epaia kritikatu dituzte gazteek, "kontaera ofizialarekin" jarraitzen duelako eta "gure errekurtsoak ez dituelako aintzakotzat hartzen, eztabaidan ere jartzen ez dituztelarik, eta berriz ere, guk aurkeztutako lekuko eta frogei kasurik egin gabe".

Era berean, batzuek "helburu politikoak" lortzeko erabiltzearekin "haserre" agertu dira, eta gorroto larrigarriaren erabileraz ohartarazi dute. "Guardia Zibila ez da talde zaurgarri bat, eta erakundea den momentutik, ez luke ideologiarik eduki behar izango. Gorroto larrigarriaren gure kontrako erabilera justifikatzeko, ustezko gure ideologian oinarritzen dira, epaiketan demostratu gabe geratu zena", azaldu dute.

Zortzi presoek auzi hau izan daitekeen "aurrekariaz" ohartarazi dute, eta esan dute Auzitegi Gorenean izan dezaketen "aukeraren" aurrean borrokatzen jarraituko dutela, "oso konfiantza gutxi" izan arren.

Ordezkaritza politiko zabala

Jende asko heldu da Espainiar estatutik. Kataluniako ordezkaritza bereziki zabala da.

Epaia kritikatu duten alderdietako eta elkarteetako kideak ere hurbildu dira Nafarroako herrira. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra bertan izan dira, baita Esquerra Republicana de Catalunyako ordezkariak ere.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea Altsasun izan da. Alkateari eta Altsasuri babesa adieraztera eta "justizia eta proportzionaltasuna" eskatzera joan da manifestaziora. Esan duenez, "gaizki tratatua izan den" herria da Altsasu.

Inoiz gertatu behar izan ez zen erasoa zigortu dutela esan du, eta gehitu du denbora luzea eman dutela "proportzionaltasuna eta justizia falta salatzen eta gaitzesten", "justizia ezin delako aplikatu posta kodearen arabera".

Gertatutakoa terrorismotzat hartzea baztertu du, eta esan du, beraz, auzia ez zela Nafarroatik irten behar. "Gauden tokian horren ondorioz gaude", "neurritik ateratako" zigorrak ezarri dizkieten gazteekin.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteordeak gogorarazi duenez, Ganberak manifestazioa babesteko adierazpen instituzionala onartu du.

Auzi hau "logika guztietatik kanpo dagoela" uste du Hualdek, eta gazteek espetxean hiru urte eman dituztela gogoratu ostean, "Europako oinarrizko eskubideen gutunaren eta zigorren proportzionaltasunaren printzipioaren urraketa nabarmena" dela esan du.

Altsasuko alkate Javier Ollok, bestalde, "justiziaren proportzionaltasuna defendatu" du, "proportzionaltasunik gabeko justizia ez delako justizia".

Hori lehenengo egunetik ikusi zutela esan du alkateak, instrukzioa Auzitegi Nazionalean egiten hasi zenetik. Gertakizunak epaitzeko ardura hasierako momentutik auzia bere gain hartu zuen Iruñeko 3. epaitegiaren esku geratu behar zela uste du.

Esan duenez, beti, "geratutakoa errefusatu zutenetik", "proportzionaltasuna" eskatu dute, "ez zigorgabetasuna". Gertakizunak terrorismo bezala epaituak izatea "zentzugabekeria" iruditzen zaio.

Gainera, Altsasuko "benetako irudia" aldarrikatu du. Esan duenez, zenbait alderdi politikok eta hedabidek "gogor hartu dute" herria, eta Altsasu "askotariko herria" dela eta "elkarbizitza, bakea eta askatasuna" nahi dituela defendatu du.

Gabriel Rufian ERCko diputatuak "faxismoaren aurka batzeko" deia egin du Altsasun. "Demokraziaren defentsan gaude hemen. Hau ez da independentziaren aldeko edo independentisten manifestazio bat, zenbait hedabidek esango duten moduan", "Estatu honen deriba eta atzerakada erreakzionario eta mendekari erraldoia salatzekoa" baizik.

"Jende guztiak daki, hemengoak, Altsasukoak, izan beharrean, Albacetekoak izango balira, ez liratekeela kartzelan egongo. Astakeria hutsa da", esan du Rufianek. "Mehatxatzen gaituen faxismo urdina, laranja eta, laster, berdearen kontra dikeetan eta harresietan" batzea eskatu du.

Justizia eta proportzionaltasuna aldarrikatu dituzte Altsasun bildutako lagunek
Justizia eta proportzionaltasuna aldarrikatu dituzte Altsasun bildutako lagunek
Justizia eta proportzionaltasuna aldarrikatu dituzte Altsasun bildutako lagunek

1:36

Milaka manifestarik herria kolapsatu dute

Herriko sarbideak kolapsatuta egon dira. Ibilgailuen 8 kilometro arteko ilarak sortu dira autobideko irteeretan, eta herriko aparkaleku guztiak beteta daude. Manifestariek inguruko herrietan utzi dituzte ibilgailuak, eta oinez iritsi dira Altsasura. Antolatzaileek ehun kanpotik autobus zenbatu dituzte herrian.

Lehenengo manifestariak larunbatean iritsi ziren. Furgonetan edo autokarabanan heldutakoentzat, zigortutako gazteen senideak biltzen dituen elkarteak aparkalekuak prestatu zituzten.

Frontoia ere bisitariek lo egiteko erabili dezaten prestatu dute Altsasuko Gurasoek. Bisitariek antolatzaileek eskainitako gosari batekin hasi dute eguna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Geroa Bai Nafarroa Alderdi politikoak EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Manifestazioak Altsasu Gazteak