Politika -
ALTSASU AUZIA
Altsasu auziko epaiak 'bidegabeak' direla salatu dute gurasoek Bruselan
Altsasu Gurasoak plataformak Europako Parlamentua bisitatu du eta talde politikoekin bilerak egin ditu, beste zenbait ekitaldiren artean, kasua nazioarteratzeko.
AGENTZIAK
Altsasu Gurasoak plataformak Europako Parlamentura eraman du Altsasu auzia, eta Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteri ezarritako epaiak "basakeria" hutsa direla salatu du. Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak 2 eta 13 urte bitarteko zigorra berretsi die berriki Altsasuko gazteei.
Atzo, Altsasuko gurasoek lan bilera egin zuten Europako Parlamentuan ordezkaritza duten hainbat alderdi politikorekin eta hainbat ekimen bateratu adostu zituzten, "kasua Europan salatzen jarraitzeko".
Bileraren ondotik, Altsasuko gazteen senide eta lagunek prentsaurrekoa eskaini zuten Europako Parlamentuan Josu Juaristi (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ), Josep Maria Terricabras (ERC), Ana Miranda (BNG), Xabier Benito (Podemos), Jordi Sole (ERC) eta Miguel Urban (Podemos) europarlamentariekin batera. Altsasu Gurasoak plataformaren izenean Antxon Ramirez de Aldak eta Edurne Goikoetxeak hitz egin zuten Altsasukoak Aske plataformaren aldetik, ostera, Aritz Leozek.
Zortzi gazteei ezarritako zigorrak "neurriz kanpokoak eta bidegabeak" direla azpimarratu zuen Antxon Ramirezek. Gaineratu zuenez, Amnistia Internazionalak "bidezko" epaiketarik ez zela izan salatu zuen bere garaian.
Ramirezen esanetan, duela urtebete baino gehiago Frans Timmermans Europako komisarioak kasua jarraituko zuela esan bazien ere, ez dute geroztik haren erantzunik jaso.
Altsasuko gazteak terrorismo delituengatik kondenatu ez badituzte ere, zigorrak "terrorismoa balitz" bezalakoak direla salatu zuen Goikoetxeak.
Bi ordezkariek aurreratu zutenez, gazteen defentsak Auzitegi Gorenean kasazio helegiteak aurkezteko lanean ari dira.
Bestalde, martxoaren 24an Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Gaur Altsasuko gurasoak Jan Jambon Belgikako Barne ministro ohiarekin batzartuko dira eta ICEC Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak antolatutako ekitaldietan parte hartuko dute. Ostiralean, ostera, Belgikako Langileen Alderdiarekin elkartuko dira.