Politika -
'PROCES' AUZIAREN EPAIKETA
Kataluniako prozesuaren epaiketa etetea baztertu du Konstituzionalak
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak aho batez hartu du erabakia. Jordi Turull eta Josep Rull akusatuek babes helegitea aurkeztu zuten inpartzialtasun falta argudiatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako proces auziaren epaiketa etetea baztertu du, aho batez, Auzitegi Konstituzionalak. Jordi Turull eta Josep Rull akusatuek babes helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Konstituzionalean, epaimahaia osatzen duten magistratuetako lauren inpartzialtasun falta argudiatuta.
Auzia bertan behera uzteko eskatu zuten Turull eta Rull kontseilari ohien defentsa abokatuek. Horien esanetan, akusatuei kalte larriak eragingo lizkieke kartzela zigor luzeak jaso eta ondoren epaiak baliogabetzeak.
Pablo Llarena instrukzio epailearekin harremanetan eta elkarlanean izan zirela argudiatuta, Manuel Marchena epaimahaiko presidentea eta Andres Martinez Arrieta, Juan Ramon Berdugo eta Luciano Varela magistratuak Kataluniako prozesu independentistaren auzitik kentzeko eskatu zuten Turullek eta Rullek.
Llarenarekiko lotura horrek inpartzialtasuna bermatzen ez zuela salatu zuten. Beste hainbat auzipetuk ere bat egin zuten errekusatze eskaerarekin; eta horietako batzuek, gainera, epaimahaiko magistratu guztiak aldatzeko esaktu zuten, tartean Jordi Cuixartek.
Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Aretoan aztertu zituzten eskaera horiek, eta aho batez baztertu zuten magistratuak auzitik kanpo uztea.
Gauzak horrela, Rull eta Turullek Auzitegi Konstituzionalera jo zuten, bermerik gabeko epaiketa izango zela eta oinarrizko eskubidean urratuko zirela argudiatuz eta, ondorioz, auzia bertan behera uztea galdeginez.
Alabaina, Konstituzionalak babes helegitea atzera bota du orain, prozedura judizial bat eteteko arrazoiak "benetakoak" izan behar direla eta horrelako eskaera bat "balizko kalteetan" oinarritu ezin daitekeela azpimarratuta.