Politika -

Osasun sailburu berria

Darponek Osakidetzan egindako 'lan bikainarekin' jarraitzeko lan egingo du Murgak

Duela astebete dimititu zuen sailburuak utzitako 'ondarea' nabarmendu dute kargudun berriak eta Urkullu lehendakariak.

Nekane Murga Osasun sailburu berria. Argazkia: EFE
Nekane Murga Osasun sailburu berria
Nekane Murgak Osasun sailburu kargua hartu du

0:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriak "ohorez eta erantzukizun handiz" hartu du kargua, eta "martxan dagoen Sail baten lekukoa" hartzen duela nabarmendu du. Hori horrela, Jon Darpon sailburu ohiak egindako "lan bikainarekin" jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Murgak goizean hartu du kargua, Ajuria Enea Jauregian. Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzako sailburuak, Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta Jon Darpon bera izan dira. Darponek duela astebete dimititu zuen, Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoan atzemandako irregulartasunak tarteko. Arrazoi beragatik utzi zuten kargua Maria Jesus Mugica Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendariak eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako buruak.

Murgaren izendapenarekin, emakumezkoak nagusi dira orain Jaurlaritzan.

Hain justu, Darponek Osakidetzan egindako lana goraipatu dute Murgak eta Urkulluk. Dimisioa emandako sailburuak utzitako "ondarea" eskertu eta aitortu du lehendakariak, baita horrek erakutsitako "konpromisoa eta zintzotasuna" ere.

Darpon goratu du Murgak¿

Osakidetzako Planifikazio, Ordenazio eta Osasun Ebaluazioaren zuzendaria zen orain arte Murga. Kargua hartu eta sailburuekin argazki ofiziala egin ostean, bere lehen hitzak egin ditu hedabideen aurrean.

Aurrena, Urkulluk berarengan izandako konfiantza eskertu du Murgak. Ondoren, haren aurrekoaren "lan bikaina" goraipatu du. Murgaren esanetan, "Darpon erreferente izan da pertsonekiko eta instituzioekiko izan duen konpromisoagatik, erakutsitako dedikazio nekaezinagatik eta azken 30 urteotan guztion ongizateagatik, euskal herritarren osasunagatik, egindako lanagatik".

Murgak nabarmendu du euskal osasun sistema "unibertsal eta kalitatezko" bat defendatzen duela, eta Osakidetza hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko duela erantsi du, betiere Euskadi 2020 gobernu programa ardatz duela. Sailburu berriaren aburuz, Osakidetzako profesionalak sistemaren "arima eta kapital onena" dira.

Etorkizuneko erronkei dagokienez, honakoak aipatu ditu Murgak: gaixo kronikoen hazkundea, eritasun kardiobaskular eta endekapenezko gaixotasun neurologikoen arreta, dependentzia, Osakidetzako langileen belaunaldi aldaketa, garapen teknologikoa...

Murga, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

Urkullu: 'Darponen lanak fruituak eman ditu"

Murgak berba hartu baino lehen lehendakariak eman du hitzaldia. Darponek egindako lana goraipatu eta eskertu du Urkulluk, eta nabarmendu "fruituak eman" dituela.

Hori horrela, sailburu ohiaren "ondarea" errepasatu du lehendakariak, 10 puntutan. Besteak beste, honako lorpenak aipatu ditu Urkulluk: osasun arreta integratuaren eredu berria, Euskadiko plan onkologikoa, Adikzioei eta Droga Mendekotasunari aurre egiteko lege berria, hiru ospitale berri, 10 osasun etxe eta 15 kontsultategi eraiki izana eta euskarari emandako bultzada. 

"Hauxe da Jon Darpon sailburuaren ondarea, gaurkoan eskertu eta aitortzen duguna. Konpromisoak, erantzukizunak, zintzotasunak eta talde lanak emaitzak eman dituzte. Horri esker, Osakidetza espainiar Estatuko osasun zerbitzu publikoen buru dago, 10etik 8,2ko notarekin", laburbildu du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak