Politika -
A28 hauteskundeak
Sayas eta Garcia Adanero izango dira Navarra Sumaren Kongresurako zerrendaburuak
Alderdi Popularrak hirugarren hautagaia aukeratuko du, eta Ciudadanosek laugarrena. Alberto Catalan erregionalista izango da Senaturako zerrendaburua.
Agentziak | Erredakzioa
UPNko afiliatuek Sergio Sayas eta Carlos García Adanero aukeratu dituzte Navarra Suma zerrendako lehen bi hautagaiak izateko Kongresurako. Hauteskunde orokorretan batera aurkeztuko dira Nafarroan UPN, PP eta Ciudadanos, eta alderdi bakoitzak dagozkion postuak aukeratuko d¡tu. Hain justu, UPNk asteburu honetan hautatu ditu bere hautagaiak. Sayasek 655 boto eskuratu ditu, eta Garcia Adanerok, 453.
Senaturako, Alberto Catalan izango da zerrendaburua. Goi ganberarako hautagai bakarra izan da Catalan, eta ez da beste inorekin lehiatu behar izan.
Guztira 909 afiliatuk bozkatu dute barne hauteskundeetan.
UPNk Ciudadanosekin lortutako akordioaren arabera, erregionalistek Kongresurako 1, 2, 3 eta 5. hautagaiak eta 1 eta 3. ordezkoak aukeratu behar dituzte. Ciudadanosi, berriz, 4. hautagaia eta 2. ordezkoa hautatzea dagokio.
Bestalde, PPk eta UPNk sinatutako itunaren baitan, PPk izendatuko du Kongresurako zerrendan 3. joango den hautagaia.