Politika -

Martxoak 16

Estatu osoko herritarrek bat egin dute erabakitzeko eskubidearen alde Madrilen

120.000 lagunetik gora elkartu dira Estatu osoko dozenaka elkartek deitutako manifestazioan, antolatzaileek zabaldu dutenez.

Madrilgo manifestazioa hasi aurreko argazkia. Argazkia: EITB
Madrilgo manifestazioa hasi aurreko argazkia.
Madrilgo manifestazioa hasi aurreko argazkia. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madril erdigunean erabakitzeko eskubidearen alde eta 'proces'eko kideen epaiketaren aurka 60 kolektibotik gorak deitu duten manifestazioan 120.000 lagunetik gora elkartu dira, antolatzaileen arabera (18.000 Poliziaren arabera), Quim Torra Generalitatearen presidentea eta Governaren zati handi bat buruan zirela.

"Autodeterminazioa ez da delitua. Demokrazia erabakitzea da" zen Atotxatik abiatu den martxaren leloa. Cibelesen amaitu da milaka herritar elkartu dituen protesta ekitaldia.

Manifestarietako asko esteladekin bertaratu dira, baina bestelako kartel ugari ere ikusi dira. Askok justizia eta preso politikoen askatasuna eskatzen zuten.

Euskal Herritik Gure Esku Dagoko, EH Bilduko, LABeko eta beste eragile batzuetako kideek egin dute bat. Altsasuko Gurasoek, gainera, justizia eskatu dute eszenatokitik. EAJk, berriz, ez du ordezkaritzarik bidali nahi izan ekitaldira.

Galiziatik, Gaztela-Leondik, Andaluziatik eta Asturiastik ere jende andana bertaratu da, izan ere, 60tik gora kolektibo sozialek bat egin dute ANCk eta Omniun Culturalek sustatutako manifestazioarekin, 'proces'aren aurkako epaiketa puri-purian dagoen honetan.

Torraz gain, Elsa Artadi Presidentzia kontseilaria eta Laura Borris Kultura kontseilari eta JxCaten Kongresurako zerrendan bigarrena ere joan dira Governetik.

ERCren aldetik Gabriel Rufian eta Carolina Telechea bertan izan dira, besteak beste. Rufianek, hain zuzen ere, aurrez aurre jarri ditu "demokrazia" eta manifestazioaren "bakezaletasuna" eta 155a, "mehatxuak” eta PPren, Voxen eta Ciudadanosen "trifatxitoa".

"Lotsa demokratikoa"

Elisenda Plauzie ANCren presidenteak eta Marcel Mauri Omnium Culturalaren presidenteordeak, manifestazioaren antolatzaile nagusiek, esan dute Madrilera joan direla adieraztera Kataluniaren autodeterminazio eskubidea "ez dela krimena", eta 'proces'aren epaiketa "lotsa demokratikoa" dela azpimarratu dute.

“Madrilera etorri gara autodeterminazioa eskubidea dela esatera, ez dela krimena. Epaiketak auzipetuen aulkian jarri ditu Kataluniako herriaren ordezkari zilegiak, mugimendu independentista kataluniarraren aurkako auzia da, eta autodeterminaziorako eskubidea bakerako tresna da", gaineratu du Plauziek eszenatokitik.

Kataluniaren errepublika aukera bat dela esan dute, ez dela "inoren kontrako ezer", baizik eta "herrien arteko harremana berdintasunean" edukitzeko aukera.

Marcel Maurik, bere aldetik, Sanchezi eskatu dio Abokatutzak neurriak har ditzala eta karguak ken ditzala, eta egin ezean “eskuin muturraren konplize” izango dela.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri ozena entzun da gaur Madrilen
Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri ozena entzun da gaur Madrilen
Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri ozena entzun da gaur Madrilen

1:34

Cuixarten mezua

Jordi Cuixart Omnium Culturalen presidenteak mezua helarazi die manifestariei, eta argi adierazi die independentista kataluniarrak "sekula ez" direla borrokatuko eta bere lehentasuna "gatazka demokratikoki konpontzea" dela.

Cuixartek, behin behinean preso dagoenak, mezua bidali die protestariei, eta Marcel Mauri Omniumen presidenteordeak irakurri du Cibelesen egin duten ekitaldian.

"Ez dira pasako", adierazi du Cuixartek mezu horretan, eta 2018ko urriaren 1eko kontsulta "Europako desobedientzia zibil ekintza handiena" izan zela goraipatu du.

Omniumen presidenteak protestan parte hartu duten "herrien elkartasuna" eskertu du, eta "faxismoaren aurrean bat eginda" egoteko deia egin du.

"Ez gara geldituko"

Generalitatearen presidenteak Espainiari eskatu dio entzuteko "askatasun" eta "independentzia" oihuak, eta ohartarazi du: "Ez gara geldituko, ez gaituzte geldituko".

Torrak protesta ekitaldia hasi aurretik adierazi duenez, ez da existitzen "borroka txikirik eskubide zibilen alde, ez bidaia luzerik autodeterminazioa lortzeko".

Hala, Espainiari eskatu dio bere buruari so egiteko eta ikus dezala zertan huts egin duen "horrenbeste jendek autodeterminazioa eskatzeko".

Torrak elkartasuna adierazi die preso eta erbestean dituen "kideei", eta "iruzur-epaiketa"tzat jo du Auzitegi Goreneko prozesua.

Carles Puigdemont president ohiak, bere aldetik, sare sozialetan agertu du bere poza manifestazioaren "arrakasta" dela eta.

Guardia Zibilaren kontrolak

Kataluniatik 500 autobusetik eta 15 AVEtik gora joan da gaur Espainiako hiriburura, eta kexa dezente izan da Guardia Zibilak egindako kontrolengatik eta esteladak kendu dizkietelako batzuei.

Miriam Nogueras PDeCATen Kongresuko diputatuak jakinarazi du azalpenak eskatuko dizkiola Barne ministroari "Guardia Zibilaren intimidazioagatik", eta "manifestazio eskubidearen aurkako atentatua" dela salatu du.

Josep Lluis Cleriesek ere "ekimena" aurkeztuko omen du Senatuan "Guardia Zibilak manifestarien autobusen aurka jo duelako". Ramon Tremosa PDeCATen eurodiputatuak ere adierazi du Europako Batzordeari galdera egingo diola Guardia Zibilaren operazioa salatzeko.

Atxiloketa

Manifestazioa baino ordu batzuk lehenago, Espainiako Polizia Nazionalak Jordi Alemany ANCko Idazkaritza Nazionaleko kidea atxilotu du. Urriaren 1eko ekintza batekin lotuta atxilotu dute, aurreko astean epailearen aurrera joan ez zelako.

Alemany 12:30ean atzeman dute, eta Poliziaren arabera, Kataluniaren independentziaren aurka eta Espainiaren batasunaren alde egiten ari ziren manifestazioko partaide bati bandera bat kentzen saiatzen ari zela harrapatu dute.

Marotok Sanchezen eta Carmenaren aurka jo du

Javier Maroto PPren Antolakuntza idazkariordeak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Manuela Carmena Madrilgo alkateari leporatu die manifestazioa egiten utzi izana.

"Hauxe ari da gertatzen oraintxe bertan Madrilen. Carmenak Madrilen eta Sanchezek Moncloan baimentzen dute", idatzi du Marotok, "Casadorekin sekula ere ez" litzatekeela gertatuko azpimarratu aurretik.

Segituan jaso ditu beste buruzagi politiko batzuen erantzunak, tartean David Fernandez CUPen buruzagi ohiarena. Konstituzioa bera ez errespetatzea egotzi dio Fernandezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Gure Esku giza katea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Madril gaur Kataluniako prozesua zuzenean