Politika -
'NOOS' auzia
Konstituzio Auzitegiak ez du Urdangarin errekurtsoa onartu, 'Noos' auziaren harira
Konstituzio Auzitegiaren ustez, Urdangarinen errekurtsoak ez du onartua izateko garrantzi konstituzional berezirik.
Agentziak | Erredakzioa
Konstituzio Auzitegiak ez du onartu Iñaki Urdangarin Palmako duke ohiak 'Noos' auziaren epaiaren aurka aurkeztutako babes-errekurtsoa. Urdangarini bost urte eta hamar hilabeteko kartzea zigorra ezarri zioten, besteak beste, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, prebarikazioa eta iruzurra egotzita.
Konstituzio Auzitegiaren ustez, Urdangarinen errekurtsoak ez du onartua izateko garrantzi konstituzional berezirik.
Urdangarinek Konstituzionalera jo zuen, benetako babes judizialerako, askatasunerako eta errugabetasun-presuntziorako eskubideen urraketa eman zela uste baitzuen.
Juan Jose Gonzalez Rivas Lehen Ataleko presidenteak, zein Alfredo Montoya eta Candido Conde-Pumpido epaileek, ordea, errekurtsoa ez onartzea erabaki dute aho batez.
Zenbait baldintza eman behar dira errekurtsoa onartua izateko; esaterako, gaiak "garrantzi konstituzional berezia" izateak, eta, magistratuek ez dute baldintza hori Urdangarinen auzian antzeman.
Fiskalak erabakiaren aurka errekurtsorik ez baldin badu aurkezten, datozen hiru egunotan jarduketak artxibatuko ditu Auzitegiak.
Cristina infantaren senarra 2018ko ekainaren 18an sartu zen espetxean bost urte eta hamar hilabeteko zigorra betetzeko.