Politika -

Hauteskunde orokorrak A28

Bel Pozueta izango da EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua Kongresurako

Altsasuko auziak eragindako sufrimenduak "borrokarako grina" piztu diola eta "injustizien aurka borroka" egiten ikasi duela esan du Pozuetak. Hartu duen erabakia ulertuko dela espero du.

Bel Pozueta, arratsaldeko agerraldian. Argazkia: EFE
Bel Pozueta.
Bel Pozueta: 'Politikan sartzea aukera bat da injustiziaren aurka borroka egiteko'

2:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bel Pozueta, Altsasu auziko gurasoen bozeramaile eta Adur Ramirez de Alda gaztearen ama, izango da EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua Diputatuen Kongresurako apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, Pozuetak berak Euskadi Irratiari baieztatu dionez.

EH Bildu ERCrekin batera aurkeztuko da Espainiako hauteskundeetara. Koalizio abertzaleak zein Kataluniako alderdiak euren zerrendak lurraldeka aurkeztu behar dituzte (legeak hala behartzen du), eta horren baitan prestatu du berea EH Bilduk. Dena dela, bozen ostean, talde bakarra osatuko dute Madrilen.

Pozuetak agerraldia egin du arratsaldean, Iruñean, EH Bilduren proposamena zergatik onartu duen azaltzeko. Altsasuko gurasoen bozeramailea izateari utziko dio, baina 'Altsasu Gurasoak' taldeko kide izaten jarraituko du.  

Altsasuko auzian gertatu den guztiarekin "injustizia guztiei" aurre egiten ikasi duela eta sufrimenduak "borrokarako grina" piztu diola esan du, eta urteotan gazte auzipetuen gurasoen bozeramaile izanda hartu duen esperientzia horretan baliatu nahi du.  

"Injustizia mota asko daudela eta jendeak arrazoi anitzengatik sufritzen duela ere ikasi du. Estatuan, Euskal Herrian eta Europan ikusi dut hori, eta borroka egitea ezinbestekoa dela deritzot", azpimarratu du.

Lan hori Kongresutik egin ahal izango duela konbentzituta dago, eta bidegabekeri horietako hainbat banan-banan aipatu ditu: "euskal presoen egoera, Kataluniako preso politikoena, patriarkatuaren erasoa jasaten ari garen emakumeona, euskaraz hitz egin ezin dezaketenena edota prekarietatea sufritzen duten langileena, Huerta de Peraltako enpresan ikusi dugun bezala".

Ildo horretan, aurrera egiteko indar asko Kataluniatik jaso duela esan du. Sakabanaketak presoen senideentzat zer suposatzen duen badakiela eta sufrimendu horrekin amaitzeko lan egin duela ere agindu du.

Bere semearen prozesu judizialarekin "enpatia" landu duela eta "injustizia egoerak ulertzen" ikasi duela adierazi du, eta bizitza honetan politika "dena" dela gaineratu du: "Begiratzea eta arnastea ere politika da".

Horrez gain, Espainiako Gobernuak Nafarroako Parlamentuan erabakitzen denari "entzungor" egitea ere bidegabekeria handia dela esan du. "Gure legeak atzera ez botatzeko edo Euskal Herriak bere etorkizuna bakean eta askatasunez erabaki ahal izateko ere" eman du politikagintzara salto egiteko urratsa.  

Pozuetak esan du beldur apur bat ere ematen diola bere erabakia nola hartuko ote den. Baina azpimarratu du konbentzituta onartu duela EH Bilduren hautagaia izateko proposamena.

"Bozeramaile izan naizen urteotan ez dut arazorik izan inorekin hitz egiteko; konbentzituta nago hitza dela tresnarik eraginkorrena elkar-ulertzeko", azaldu du.  

"Politika egiteko modu asko daude eta nire umiltasunetik uste dut ekarpen duina egin dezakedala", erantsi du.

Estatu espainiarra demokrazian atzera egiten ari dela esan du eta testuinguru horretan alderdi soberanistak biltzea eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzi dio.   

"Zerbait egiteko unea da. Herritarrei mugitzeko dei egin nahi diet. Borrokarako unea da", nabarmendu du Pozuetak.

Bel Pozueta

(Bel Pozueta, arratsaldeko aurkezpenean. Argazkia: EFE)

Pozueta, soziologoa eta sexologoa lanbidez, Altsasu auziko zortzi gazteen gurasoen bozeramailea izan da ia hasieratik. Epaiketan ere lekuko gisa deklaratu zuen, liskarra gertatu zenean Adur semea etxean zegoela nabarmentzeko. Epaiketaren une hunkigarrietako baten protagonista izan zen, semea besarkatu baitzuen.

Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak joan den astean berrikusi zuen auzia, eta Altsasuko zortzi gazteei ezarritako zigorrak berretsi zituen, baina terrorismo delitua baztertuta. Gazteen defentsek iragarri dute Gorenera joko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Nafarroako albisteak Hauteskunde orokorrak Espainian EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Altsasu