Politika -
ETAren desegitearen ostean
Urkullu: 'ETAren indarkeria bidegabea izan zela aitortzea da abiapuntua'
"Hiltzea, estortsio egitea, bahitzea, torturatzea edo erasotzea bidegabea izan zela" esan du lehendakariak, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, ETAren desegitearen ostean, "aho batez" esan beharra dago "hiltzea, estortsio egitea, bahitzea, torturatzea edo erasotzea bidegabea izan zela". Ildo horretan, "gure bizikidetzaren oraina eta etorkizuna elkarrekin eraiki ahal izateko bidegabea izan zela aitortzea da abiapuntua", adierazi du lehendakariak Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira.
'Gizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz' lelopean, Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan egindako ekitaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako sailburuak izan dira lehendakariarekin batera; baita alderdi politiko guztietako ordezkariak ere, EH Bildukoak izan ezik (EAk, berriz, bai hartu du parte) leloarekin ados ez zeudelako.
Halaber, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren testuinguruan, memoriaren pedagogia kritikoa egiten jarraitzeko premia planteatu du lehendakariak. "Giza Eskubideak urratzea adierazi zuen horretan guztian lehenaldiaren memoria kritiko bat irmotzea da helburua", adierazi du.
Horrenbestez, "bidegabea izan zela" biktima guztiei helarazteak duen garrantzia azpimarrtu du Urkulluk; bai ETAren biktimei, bai Batallón Vasco Españolen, GALen zein erakunde terroristen biktimei ere.
Egia, justizia eta ordaina
Biktimek "egia, justizia eta ordainerako" eskubidea dutela azpimarratu du lehendakariak; "ez zuen inoiz gertatu behar izan eta ez inoiz gehiago errepikatu behar", gaineratu du Urkulluk. Hori horrela, "giza eskubideen urraketa ekarri zuen memoria kritikoa ezartzea" eskatu du.
Urkulluren esanetan, "elkarbizitak ez du esan nahi erabaki guztietan ados egon behar garenik"; bai, ordea, "oinarri demokratiko eta etikoak errespetatzea: giza eskubideak eta pluralismoa, hain zuzen".
Nafarroako Gobernuak, bost minutuko isilunea
Uxue Barkosek buru duen gobernuak ere bat egin du Terrorismo Biktimen Europako Egunarekin, eta "justifikaziorik eta legitimotasunik gabeko indarkeria terrorista pairatu duten biktima guztiekiko elkartasuna" erakutsi du.
Nafarroako Gobernuko kontseilari eta presidenteordeak buru zituztela, Parlamentuko kideek (Ainhoa Aznarez presidentea barne) eta administrazioko langileek bost minutuko isilunea egin dute Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Elkarretaratzearen une bat. Argazkia: EFE
UPN, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra alderdietako kideak ere izan dira ekitaldian. Uxue Barkos kanpoan dago, eta ezin izan da elkarretaratzean egon.
Ekitaldia amaituta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak kazetariei gogorarazi dienez, gaur dira 15 urte "Europako atentatu terrorista handiena" jazo zen, M11koa, alegia.
"Gaur inoiz baino gehiago beharrezko ikusten dugu justifikaziorik gabeko indarkeriaren eta terrorismoaren kontrako borrokan buruzagitzaren papera hartzea", erantsi du.