Politika -
Arrasate
PSE-EEk esan du memoria ezin dela eraiki presoen omenaldien gainean
Anduezak Isaias Carrascoren hilketaren 11. urteurreneko omenaldian azaldu duenez, "memoriak biktimena izan behar du".
agentziak | erredakzioa
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak esan du memoria ezin dela "min injustua eragin zutenen omenaldietan eraiki", ETAko presoei erreferentzia eginez. "Kontrara", memoriak "biktimena" izan behar duela azpimarratu du.
Anduezak Arrasaten egin ditu adierazpenok, ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista hil zuela 11 urte bete direla oroitzeko ekitaldian.
Anduezarekin batera zeuden Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, Iñaki Arriola sailburua eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, poliikarien artean, eta Sandra, Ainara eta Hadei Carrascoren seme-alabak, besteak beste.
Anduezak hitza hartu duenean argi adierazi nahi izan du memoria ezin dela "biktimen umiliazio eta sufrimenduaren gainean eraiki", eta ohartarazi du "benetako bizikidetzak egian oinarritua" izan behar duela.
Helburu horrekin, gizartearen "konpromisoa" eskatu du, "terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen umiliaziorako ekitaldiak babesten edo antolatzen dituztenak sozialki eta juridikoki gaitzesteko".