Politika -

Torturak

Epaile batek 'Billy el Niño' ikertzea onartu du aurrenekoz

2017az geroztik frankismoko biktimek aurkeztu dituzten 30 kereiletatik onartu duten lehenengoa izan da. Orain arte artxibatu izan dituzte, salatutako gertakariak preskribatu direla argudiatuta.

Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño'. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño'. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño'. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizateriaren aurkako krimenak egotzita, Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño eta beste lau polizia ohi ikertzeko agindua eman du Madrilgo 49, Instrukzio-epaitegiak. Aurreneko ikerketa izango da, zenbait kereila atzera bota ondoren.

Miguel Angel Gomezek aurkeztutako salaketa onartu du Maria Isabel Durantez epaileak auto batean. Deskribatutako gertakariek “urraketa penal baten existentzia posiblea” aditzera ematen dutela uste du epaileak.

Billy el Niño frankismoko Brigada Politiko Sozialaren inspektorea ustezko delituengatik ikertzea onartzen duten aurreneko aldia da.

Miguel Angel Gomezek kereila Madrilgo Plaza de Castillako epaitegietan aurkeztu zuen. Diktadurako azken urteetan bi aldiz atxilotu eta torturatu zutela salatu du.

1971an atxilotu zuten lehen aldiz, propaganda eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Bigarren atxiloketa 1973an izan zen, Liga Komunista Iraultzaileko kide izateagatik legez kontra elkartzea egotzita. Segurtasun Zuzendaritza Nagusian 7 egun inkomunikaturik eman zituen eta, ondoren, 15 egun gehiago erizaindegian pasa zituen, Carabancheleko espetxera eraman aurretik.

"Aurrerapausoak" txalotu ditu CEAQUAk, biktimen "bultzada eta irmotasunaren" emaitza direlako

2017az geroztik frankismoko biktimek aurkeztu dituzten 30 kereiletatik onartu duten lehenengoa izan da. Orain arte batzuk artxibatu izan dituzte, salatutako gertakariak preskribatu direla argudiatuta.

Horrela, Madrilgo Lurralde-auzitegiak Felisa Ecchegoyen biktimaren kereila artxibatu zuen iragan urrian. Gizateriaren aurkako krimenak eta torturak salatu zituen Echegoyenek.

Orain epaileak ikerbidea hasi du, baina autoari helegitea aurkezteko aukera dute aldeek. Bestalde, auzia fiskalari igorri dio epaileak, epaitegiaren eskumenak aztertzeko.

“Aurrerapausoak” txalotu ditu CEAQUA frankismoko biktimen plataformak, biktimen “bultzada eta irmotasunaren” emaitza direlako. Azkenik, erabakiak Fiskaltzaren irizpidea aldatu beharko lukeela uste du plataformak, krimen “larrien” ikerketa babesten hasteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Madril Memoria Historikoa