Politika -

Epaia

Epaia 'eraikitako kontakizuna' dela esan dute Altsasuko gurasoek

Bel Pozuetak adierazi du ez dela errugabetasun presuntziorik existitu, eta ez dituztela epaiketan aurkeztutako frogak kontuan hartu.

Bel Pozueta. ETBren bideo batetik ateratako artxiboko irudia
Bel Pozueta
Amorrua eta mina Altsasuko gazte auzipetuen gurasoen artean

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, Auzitegi Nazionalak berretsi egin ditu 2016ko urrian bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Koxka tabernan izandako "liskarragatik" Altsasuko zortzi gazteri ezarritako zigorrak. Behin epaia ezagututa, "eraikitako kontakizun" bat dela esan dute Altsasuko gurasoek.

Efe albiste agentziari egindako adierazpenetan, Bel Pozuetak baieztatu du epaiketa ez dela bermatzailea, errugabetasun presuntzioa ez dela existitu eta ez dituztela epaiketan edota helegitean aurkeztutako frogak kontuan hartu.

"Lau lagunek eraikitako kontakizunean oinarritu dira", nahiz eta, besteak beste, "guardia zibiletako batek esandakoa gezurtatzen duen bideo bat existitzen den". Hala eta guztiz ere, "komeni zaien kontakizuna aukeratu dute, min egin eta planteamendu lotsagarrietan oinarritzen bada ere", kritikatu du.

Pozuetak halaber, "errespetu falta izugarri"tzat jo du Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren berri komunikabideen bidez jasotzea. "Ikaragarria eta mingarria da", ziurtatu du.

"Ez dugu gure borroka geldituko, auzi hau injustiziaren ebidentzia argia delako", azpimarratu du. "Gizarte honen izaera ez demokratikoaz hitz egiten ari gara", gaineratu du. Horri aurre egiteko, herritarrak kalera atera behar direla esan du.

Aldi berean, Bel Pozuetak baieztatu du ez dutela prozesu judiziala etengo, alegia, Auzitegi Gorenera joko dutela, nahiz eta "Espainiako Estatuan Justiziak nola funtzionatzen duen ikusita bide luzea dugun oraindik aurretik". Ildo horretan, bukaera Europan dagoela ekarri du gogora. "Ordurako gure seme-alabak kalean egongo dira, eta gizarte osoa injustizia honen lekuko izango da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Gaurko albisteak Nafarroan Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak azken ordukoa