Politika -

GREBA FEMINISTA

Legebiltzarrak osoko bilkura bertan behera utziko du lehenengoz, greba feministagatik

EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko legebiltzarkide emakumeek (guztira 36) greba egingo dutenez, eta beste hiru legebiltzarkide saiora agertuko ez direnez, ez dago nahikoa quorum.

Eusko Legebiltzarra, hutsik. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Eusko Legebiltzarra, hutsik
Legebiltzarrak osoko bilkura bertan behera utzi du lehen aldiz, greba feministagatik

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura bat bertan behera utziko du bere historian lehen aldiz, Gasteizko Ganberako iturriek jakinarazi dutenez. Hain zuzen ere, gaurko aurreikusita zegoen bilkura da bertan behera geldituko dena. EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko legebiltzarkide emakumeek greba egingo dutenez, eta segur aski beste hiru legebiltzarkide saiora agertuko ez direnez, ez dago nahikoa quorum.

Hortaz, aurten emakumezko legebiltzarkide ia denek egingo dute greba. 36 izango dira guztira. PPko legebiltzarkideak izango dira grebarekin bat egingo ez duten emakume legebiltzarkide bakarrak.

Horrez gain, Joseba Egibar, Kerman Orbegozo eta Pello Urizar ez dira saiora agertuko arrazoi ezberdinak tarteko: Egibar, familia kontziliazio arrazoiengatik; Orbegozo, aitatasun baimenagatik; eta Urizar, ALE Europako Aliantza Librearen asanbladagatik.

Gauzak horrela, gutxienez 39 legebiltzarkidek huts egingo dute, eta 38k huts egitea aski da osoko bilkuran nahikoa quorum ez egoteko.

Edozein kasutan, Txarli Prieto Eusko Legebiltzarreko Mahaiko bigarren presidenteordeak saiorako deialdia egingo du (Bakartxo Tejeria presidenteak eta Eba Blanco bigarren presidenteordeak greba egingo dute). Dena dela, ezustekorik ezean saioa bertan behera utzi beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Grebak albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Feminismoa gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur