Politika -

ALTSASU AUZIA

Altsasu auzia: Terrorismoa baztertu baina zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionalak

Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak 13 urtera arteko kartzela zigorrak berretsi ditu. Iñaki Abaden kasuan, zigorra 6 urtera murriztu du.

Altsasu auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Altsasu auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean
Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen zigorrak berretsi ditu

1:48

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko zortzi gazteei ezarritako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak, baina terrorismo delitua baztertu du. Gainera, Iñaki Abadi zigorra murriztu dio 6 urtera.

Ebazpenean epaileek atzera bota dituzte Fiskaltzak eta zazpi auzipeturen abokatuek aurkeztutako helegiteak. Hain zuzen ere, Altsasun gertatutakoa terrorismo gisa epaitzeko eskatzen zuen fiskalak. Hartara, Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte bitarteko zigorra berretsi die Altsasuko gazteei. Iñaki Abaden kasuan zigorra murriztu dio, hiru beharrean bi lesio delitu egin zituelakoan. Hortaz, 10 urte beharrean 6 igaro beharko ditu espetxean.

Esan bezala, Apelazio Aretoak baztertu egin du urriaren 15ean Koxka tabernan jazotakoa terrorismoa izan zela, besteak beste, auzipetuak adin txikikoak zirelako ETAk indarkeria behin betiko uztea erabaki zuenean.

Halaber, "diskriminazio ideologiko larrigarria" berretsi du auzitegiak. Horren arabera, guardia zibilak izateagatik eta arrazoi ideologikoengatik egin zieten eraso bi guardia zibilei eta hauen bikotekideei.

Horrela, Apelazio Aretoak bidea ireki dio larrigarri hori beste kasu batzuetan ere aplikatzeari.

Urtarrilean Altsasuko auziaren epaia berrikusteko Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan egindako saioan, Altsasuko gazteen aurkako akusazioa gezurtatu zuten lekuko berriek.

Altsasuko gazteen defentsek eskatuta, sei lekuko berrik deklaratu zuten. Epaiketan ere eman behar zuten testigantza, baina ez zieten utzi. Lekukoen esanetan, Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek ez zuten Koxka tabernan izandako gertakarietan parte hartu. Are gehiago, gau hartan Cob Koxka tabernan izan ez zela azpimarratu dute.

Salaketa jarri zuten bi guardia zibiletako baten bikotearen lagun batek ere deklaratu zuen, eta horrek ere antzeko adierazpenak egin zituen. Emakumearen hitzetan tabernan ez zen inolako erasorik izan, eta kalera atera zenean, tenientea lurrean botata eta haren bikotea beldurtuta ikusi zituen. Emakumeari laguntza eskaini omen zion, baina uko egin ziola azaldu zuen. Biharamunean mezua bidali zion nola zegoen jakiteko, baina ez zion erantzun eta orduz geroztik ez dute berriro hitz egin.

Jokin Unamuno, Ohian Arnanz, Adur Ramirez, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Aratz Urrizola eta Ainara Urquijo gazteei 2 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten joan den ekainean, agenteen aurkako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzita.

Orain, aldeek kasazio helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean. Amaia Izko defentsa abokatuetako batek iradoki duenez, Auzitegi Gorenera joko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Gaurko albisteak Nafarroan Epaiketak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Altsasu azken ordukoa Gazteak gaur