Politika -
Osakidetzaren LEP-A
Ganberak Urkulluri Darpon kargugabetzea eskatzeko ekimena aurkeztuko du EH Bilduk
Ekimena hilaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Horrez gain, lan eskaintza ikertzeko batzordea sortzea eta Elkarrekin Podemosek Darpon gaitzesteko proposamena ere izango dituzte eztabaidagai.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eramango du Osakidetzaren lan eskaintza publikoan (LEP) atzemandako irregulartasunen gaia eta Jon Darpon sailburua kargutik kentzeko eskaera. Ganberak Iñigo Urkullu lehendakariari Darpon kargugabetzea galde egitea nahi du koalizio abertzaleak, sailburuak irregulartasunen auzian azaldutako "borondate politiko" faltagatik. Fiskaltzak "delitu zantzuak" atzeman zituen Osakidetzaren azken LEP-an.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak goizean eman ditu Legebiltzarrean aurkeztu duten ekimenaren nondik norakoen berri. Ekimena martxoaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute.
Egun horretan Osakidetzaren LEP-aren auziarekin lotutako hainbat gai izango dira mahai gainean. Besteak beste, irregulartasunak aztertzeko ikerketa batzorde bat sortzea aztertuko dute. Horrez gain, Elkarrekin Podemosek Darpon gaitzesteko ekimena ere eztabaidatuko dute.
Uberak zehaztu duenez, koalizio moreak aurkeztutako ekimen horri zuzenketa osagarri gisa aurkeztu du berea EH Bilduk. Izan ere, bere ustez, "Elkarrekin Podemosen ekimena labur geratzen da. Ez da nahikoa Legebiltzarrak sailburua gaitzestearekin", eta Fiskaltzak atzemandako delitu zantzuak gogorarazi ditu.
"Gaitasungabetuta"¿
Uberak salatu du Darponek ez duela dimititzeko asmorik, "ez behintzat lehendakariak eskatzen ez badio". Hortaz, garrantzitsua iruditu zaio Legebiltzarrak Urkulluri "espresuki" horren kargugabetzea eskatzea.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritzian, sailburua "gaitasungabetuta" dago, Osakidetzako lan eskaintza publikoan gertatutako argitzeko nahikoa "borondate politikoa" azaldu ez duelako.
"Darpon da ordezkari politiko nagusia. Ez du jakin, edo ez du nahi izan, Osakidetzaren giza baliabideen eredua sakon aztertzen. Eredu hori adiskidekerian eta klientelismoan dago oinarrituta", salatu du Uberak.