Politika -

Altsasuko auzia

Altsasuko gazteen aurkako zigorra bidegabea dela salatu dute hainbat diputatuk

EAJ, EH Bildu, ERC, En Comu Podem eta En Marea taldeetako diputatuak Zaballako espetxean preso dauden Altsasuko gazteak bisitatzen izan dira.

Diputatuak Zaballako espetxearen atarian. Argazkia: EFE
Diputatuak Zaballako espetxearen atarian.
Diputatuak Zaballako espetxearen atarian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, EH Bildu, ERC, En Comu Podem eta En Marea taldeetako diputatuek Altsasuko gazteak bisitatu dituzte ostiral honetan Zaballako espetxean. Altsasun gertatu zena "taberna bateko liskarra" izan zela eta, ondorioz, auzipetuei ezarri dieten zigorra "bidegabea" dela salatu dute. Kasu honek Estatuaren izaera "errepresiboa" agerian utzi duela erantsi dute.

Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Joseba Agirretxea (EAJ), Gabriel Rufian (ERC), Marta Sibina (En ComU Podem) eta Alexandra Fernandez (En Marea) izan dira, hain zuzen ere, Zaballara joan diren ordezkari politikoak.

Auzitegi Nazionalak 9 eta 13 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien, 2016ko urrian, Altsasuko taberna batean, bi guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egotzita. Azkenean ez zieten terrorismoa delitua leporatu, baina bai beste hainbat delitu egin izana: agenteen kontrako atentatua, zauriak, desordena publikoak eta mehatxuak. Epaia ez da irmoa, aldeek helegiteak aurkeztu dituztelako.

Bisita amaituta, bost diputatuek adierazpenak egin dituzte kartzela atarian bildutako kazetarien aurrean.

Joseba Agirretxeak esan du Altsasun gertatu zena ez zela terrorismoa eta hala aitortu duela Auzitegi Nazionalak berak ere. Alabaina, zigorrak oraindik ere gehiegizkoa dela azpimarratu du, "ostiral gau batez taberna batean izandako liskarra izan baitzen". "Norbaitek, baina, terrorismoa izatea erabaki zuen", salatu du EAJko diputatuak.

Marian Beitialarrangoitiarentzat, ulertezina da 'La Manada' taldeko bortxatzaileak aske egotea epaia irmoa izan arte, eta Altsasuko kasuan, berriz, auzipetuak preso mantentzea. Auzi batzuetan behin-behineko espetxealdia "gehiegikeriaz" erabiltzen dela eta gazte horiek jasaten ari diren egoera "larria" eta "bidegabea" dela adierazi du.   

Gabriel Rufian ERCko ordezkariak nabarmendu du epaiketan "irregulartasunak" izan direla eta, ildo horretan, gogoratu du epailea guardi zibil baten emaztea dela eta epaimahaia osatzen duten hiru magistratuetatik bik Guardia Zibilaren dominak jaso zituztela.   

"Kasu honek Estatuaren jarrera errepresiboa noraino heltzen den erakusten du eta bitartean Espainiako ezker koldarra isilik dago boto batzuk irabazteko", kritikatu du.

Marta Sibinak esan du Altsasuko auziarekin gertatu dena "ankerkeria" eta "sinestezina" dela, eta gizarteari kasu hau salatzen jarraitzeko deia egin dio.

Alexandra Fernandezek elkartasuna helarazi die auzipetuei eta azpimarratu du gertakari hura Estatuko beste edozein tokitan jazo izan balitz,  kartzela-zigorra ez zela 10 hilabetera iritsiko.      

"Gazte hauek erabili egin dituzte, terrorismoaren mamua elikatzeko", salatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Presoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Altsasu