Politika -

Biktimak

Etxeratek barkamena eskatu die biktimei, 'urrun' egonda mina areagotu dutelakoan

Presoen senideen elkarteak adierazi duenez, "agertoki berrian, beharrezkoa da euskal gatazkaren ondorioak jasan dituzten biktima guztien ahotsak entzutea, horrelakorik berriro gerta ez dadin".

Etxeraten prentsaurrekoa, Donostian. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Etxeraten prentsaurrekoa, Donostian
Etxeratek ETAren biktimei barkamena eskatu die, euren isiltasunak mina areagotu badie

0:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat elkarteak barkamena eskatu du ostiral honetan, "urrun" egonda edo "egindakoaz ohartu gabe", ETAren biktimen mina areagotu ahal izan dutelakoan.

Zentzu horretan, urte askoan sentitu duten "axolagabekeriaz", bizikidetza politika publikoen "baztertzeaz" eta espetxe politikan ezarritako salbuespen neurriez mintzatu dira, horren guztiaren biktima izan direla iritzita. Etxerateko ordezkariek azaldu dutenez, faktore horien erruz ez dira gainerako biktimen minaz jabetzeko eta enpatia erakusteko gai izan.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Peru del Hoyo eta Ibon Garate bozeramaileek hitz egin dute, aldamenean Patricia Velez, Urtzi Errazkin eta Gorka Garcia ordezkariak zituztela. Del Hoyok eta Garatek manifestu bat irakurri dute, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren. Horren bitartez, "gure herriari bizikidetza demokratikoa emateko konpromisoa" hartu dute.

Etxeraten iritziz, "agertoki berrian, beharrezkoa da euskal gatazkaren ondorioak jasan dituzten biktima guztien ahotsak entzutea, horrelakorik berriro gerta ez dadin".

Testuinguru horretan, ETAren biktima asko aurrerapausoak ematen ari direla onartu dute, kasu askotan "espetxe politika baten alde" agertu direlako. Izan ere, "gaur egungo espetxe politikak, besteak beste, euskal presoen senitartekoak zigortzen ditu", azpimarratu dute.

Horrela, biktimek erakutsitako "enpatia" eta "eskuzabaltasuna" eskertu ostean, Etxeratek ere asmo bera duela aitortu dute.

"Sufrimenduen artean distantziakidetasunik ezarri gabe, gure azalean sufrimendu hori bizi izan dugula jakinarazi nahi dugu. Horrek, zuek jasandako minaz konturatzeko balio izan digu", esan dute.

Gainera, argi utzi dute ez dutela inolako "mendeku sentimendurik". "Nahi dugun bakarra da berriro horrelakorik ez gertatzea, eta etorkizuneko belaunaldiek euskal gatazkaren ondorioak jasan behar ez izatea", defendatu dute.

Coviteren erantzuna

"Biktimei barkamena eskatzeko, indarkeria gaitzetsi behar duela" erantzun dio Covite ETAko biktimen elkarteak Etxerati.

Agiri batean, Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak "ezker abertzalearen ildo ofizialetik aldentzeko eta ETA gaitzesteko" galdegin dio Etxerati, presoen senitartekoen elkarteak goizean egindako adierazpenen harira.

Ordoñezek gogorarazi dio "barkamena eskatu aurretik, nahitaezkoa dela indarkeria irmoki gaitzestea". "Enpatia faltagatik beharrean, ibilbide kriminalarekin bat egiteagatik" eskatu behar dute barkamena esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak