Politika -

Heriotza

Arzalluzek utzitako 'arrastoa' azpimarratu dute aurkari politiko zein alderdikideek

“Herri honen bilakaeran utzitako arrasto sakona” onartu du Sortuk. Ibarretxeren ahotan, “itzal handiko gizona da”. EAren hitzetan, “politikoki garai bat markatu zuen”.

Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Xabier Arzallusen heriotzak samina eragin du euskal politikagintzan

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiaren heriotza deitoratu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Alderdian eta Euskadin “guztia izan zen gizona” joan dela aldarrikatu du Ortuzarrek. “Herriaren alde egindako lan handia” nabarmendu du buruzagi jeltzaleak.

“Alderdiko militante eta abertzale guztiak triste eta goibel dira” Arzalluzen heriotzarekin, esan du Ortuzarrek Twitter sare sozialean.

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Arzalluz “politikaren maisu bat da”. “Abertzale, militante eta buruzagi eredugarria” izan dela gaineratu du Urkulluk. “Ondare gisa Euskadirenganako pasioa” utzi duela adierazi du lehendakariak.

Arzalluzen heriotzagatik “doluminak” eman ditu Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak Twitter sare sozialean. “Pertsona eta politikari bikaina”.

Iñaki Anasagasti EAJko ordezkari historikoak (Diputatuen Kongresuan zein Senatuan ibilitakoak) azaldu duenez, Euskadiren eta EAJren historia “ezin da Xabier Arzalluz gabe ulertu”.

1980tik 2004ra bitartean EAJko presidente izan zenak “denbora eman du politikatik at, baina pertsona ikaragarria eta aparta zen, Euskadiren eta EAJren historia ez lirateke Xabier Arzalluz barik ulertuko”, nabarmendu du Anasagastik Radio Euskadin.

Bestalde, Arzalluzen heriotza deitoratu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. “Itzal handiko gizona da”, esan du Ibarretxek. Mezu labur bat argitaratu du lehendakari ohieak Twitter sare sozialean: "Itzal handiko gizona...Xabier, agur eta ohore".

Arzalluz EAJko buruzagia zen garaian lehendakaria izan zen Ibarretxe. Sare sozialeko mezuan argazki bat gaineratu du lehendakari ohiak. Irudia bien arteko besarkada bat da.

“Desadostasun politikoak alde batera utzita”, Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiaren “itzal handia, eta herri honen bilakaeran utzitako arrasto sakona” aitortu ditu Arkaitz Rodriguez Sortuko buruzagiak.

Ezker abertzaleko alderdiak Arzalluzen senitartekoei, hurkoei eta “familia jeltzaleari doluminak” eman dizkie agiri batean.

Arzalluzek “herri honi eta abertzaletasunari egindako ekarpena” nabarmendu du EH Bilduk. EAJko presidente ohiaren senideei, lagunei eta jeltzaleei doluminak eman dizkie koalizioak.

“Desadostasun politikoetatik haratago, Arzalluzek herri honi eta abertzaletasunari egindako ekarpena azpimarratu nahi dugu”, azaldu du EH Bilduk.

Era berean, EAJko presidente ohiaren familiari eta hurkoei doluminak eman dizkie Eusko Alkartasunak. “Garai bat politikoki markatu eta Euskal Herrian paper garrantzitsua izan zuen”, nabarmendu du EAk.

“Desadostasunetik, herriari egindako ekarpen politikoa eta sekula laga ez zituen idealengatik egindako lana”, goraipatu ditu Eusko Alkartasunak.

“Zalantza barik, Arzalluz aparteko buruzagi karismatikoak Euskal Herria eta politika modu aktiboan bizi dugunongan arrastoa utzi du”, erantsi du EAk.

Hildakoaren figura politikoa nabarmendu du Idoia Mendia PSE-EEko buruzagiak. Euskadiko historia politikoaren protagonista izan dela onartu du Mendiak.

EAEko sozialisten idazkari nagusiak Arzalluzen senitartekoei, lagunei eta alderdikideei doluminak eman dizkie sare sozialetan.

EAJko presidente ohiaren familiari doluminak eman dizkio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. “Figura historikoa” izan dela azpimarratu du Sanchezek.

“Xabier Arzalluz EAJko presidente ohia hil da, euskal politikaren figura historikoa. Familiari eta EAJko alderdikideei nire doluminak”, esan du Sanchezek Twitter sare sozialean.

Arzalluzen “koherentzia” azpimarratu du Joan Tarda ERCko Kongresuko bozeramaileak. “Katalunia asko maite zuen”, gaineratu du Tardak.

Euskal herritarrei eta EAJri doluminak eman dizkie Tardak. ERCko bozeramailearen ahotan, “bere koherentziagatik eta jarrera politikoagatik miresten dugu”.

“Albiste tristeagatik” atsekabea agertu du Noelia Vera Podemoseko Zuzendaritzako bozeramailearen ondokoak. Arzalluzen familiari eta lagunei elkartasuna azaldu ondoren, “errespetu handia izan behar zaion aurkari politikoa” izan dela onartu du.

Arzalluzen heriotza deitoratu du Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak. “Euskadi ulertzeko figura historiko erabakigarria eta buruzagi politiko erraldoia” izan dela uste du Iglesiasek. “Gainera, sekula ez zion utzi gauza interesgarriak esateari ”, erantsi du Iglesiasen Twitter sare sozialean.

EAJren “adiskideei” doluminak eman dizkio Quim Torra Generalitateko presidenteak. Twitter sare sozialean, euskaraz, jeltzaleen buruzagi historikoaren senideei “doluminak” adierazi dizkie.

Agintari jeltzale historikoaren senitartekoei eta EAJri doluminak eman dizkie UGT sindikatuak agiri batean, Espainiaren “garai politiko eta historiko bateko protagonista” izan zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Sortu Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Juan Jose Ibarretxe Xabier Arzalluz EA Eguneko albisteak Albisteak