Politika -

Igeldo

Igeldoko bereizketa bertan behera utzi izana berretsi du Auzitegi Gorenak

Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Itsas Aurre elkartearen helegitea, eta Igeldoko desanexioa baieztatu du.

Igeldo bereiztearen aldeko kartela, 2013an / Artxiboko irudia: EFE.
Igeldo bereiztearen aldeko kartela, 2013an.
Igeldo bereiztearen aldeko kartela, 2013an / Artxiboko irudia: EFE.

Radio Euskadi | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Itsas Aurre elkartearen helegitea, Donostiako Igeldo auzoaren bereizketa ahalbidetzen zuen 2013/46 Foru Araudia bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka jarrita.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak zioenez, segregazioaren aldeko dekretu foralak ez zuen kontuan izan desanexioen ondorengo udalerriek "2.500 pertsonatik gorako biztanleria" izan behar dutela, eta hori "erabakigarria" zen auzi honetan.

Dekretuak "Igeldoko bizilagunek" 2013ko azaroko eta 1995eko galdeketetan adierazitako "borondatea" bere egin zuenaren argumentua ere atzera bota zuen Auzitegi Nagusiak, ez zelako segregazioarako "interes publikoko arrazoi" nahikoa.

Otsailaren 21eko data duen Auzitegi Gorenaren epaiak dio ezin direla onartu Igeldoko bizilagunen plataformak emandako arrazoiak kasazio helegitea jartzerako orduan.

EAEko Auzitegi Nagusiak epaia eman ondoren, Itsas Aurre plataformak errekurtsoa jarri zuen, aipatutako epaiaren arrazoiak arbuiatuz eta motibazio gabezia argudiatuz. Epaiak dio ez dagoela arrazoirik EAEko auzitegiak emandako epaia atzera botatzeko, eta defentsa-gabezia argudioa onartzearekin ez dator bat.

Auzitegi Gorenak epaiaren kostua (4.000 eurotik gora) plataformari ordaintzeko agindua eman dio.

Beste konponbide batzuk Igeldorentzat

Eneko Goia Donostiako alkateak "oso positibotzat" jo du epaia, eta gogorarazi du 2013an Udalaren osoko bilkurak "segregazioa gertatu zen modua" arbuiatu zuela, eta foru dekretuari helegitea jarri ziola.

EAEko Auzitegi Nagusiak Udalari eman zion arrazoia, eta orain Gorenak "berriz eman dio", eta "argi eta garbi" esan du "prozesu hura ez zela baliozkoa izan, eta beraz, segregazio akordioa ere ez da baliozkoa".

Alkateak onartu duenez, "oso identitate markatua" eta "berezko arazoak" dituen hiriaren zati bat da Igeldo. Horregatik, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde bezala eratzearen alde agertu da. Eskaintza horrek, "oso argi geratu den eszenatoki honen aurrean", "indar berezia" hartu du.

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, bestalde, 2016an Aldundiak —EAJ gobernuan zegoela— EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra helegiterik ez jartzea erabaki zuela gogorarazi du, "argia eta sendoa zelako eta pisuzko arrazoibide juridikoetan oinarrituta zegoelako".

"Igeldon aurreko legealdian garatutako prozesua zentzugabekeriaz beteta egon zen, ikuspuntu politikotik eta baita herritarren parte hartzetik ikusita", esan du Lasak. "Mota horretako prozesua abiatzeko beharrezkoak ziren akordioak" landu ez zirela esan du, eta "modu interesatuan beste motatako galdeketak" kanpoan utzi zirela.

Gorenaren epaia "posible zen bukaera bakarra izan da, legea eta gainontzeko eragileak kontuan hartu gabe, aldebakarrez, setakeriaz eta itxikeria politiko eta ideologikotik erabakia hartzen direnean", nabarmendu du Lasak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Gipuzkoa Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak