Politika -
Nafarroako Gobernua
ETAren Nafarroako atentatuen egoera prozesalari buruzko txostena argitaratu dute
Ignacio Perez Macias txostenaren egilearen arabera, helburua da atentatu horiek utzitako "iragan ilun eta bortitza" ezagutzera ematea. Nafarroan 56 lagun zituen ETAk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAk Nafarroan egindako atentatuen egoera prozesalari buruzko datuak jaso ditu bertako Gobernuak, Ignacio Perez Macias adituak egindako txostenean. Besteak beste, biktimei laguntzea eta gizartea kontzientziatzea bilatzen du txosten horrek.
Horixe da, hain zuzen, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Perez Maciasek berak goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutena. Biek ala biek azpimarratu dute memoria egitea dela txosten horren helburuetako bat.
"ETAren atentatuek utzitako iragan ilun eta bortitza ezagutarazi nahi dugu. Jazotakoa gogora ekarri eta askotan ezkutuan geratu diren kasuen berri eman nahi diogu gizarteari", adierazi du Ollok.
Bestalde, Perez Maciasek nabarmendu du guztira 49 direla Nafarroan egin ala Nafarroarekin lotura izan duten atentatuak, eta horietan 56 pertsona hil zituztela. Halere, 32 kasuk soilik izan dute epaia, eta 26tan baino ez dute egilea nor den argitu.
Gainera, oraindik epairik izan ez duten 17 kasuetan zailagoa izan da biktimei laguntzea, haienganako tratu konpentsatzailea ezberdina delako, eta askoz diru gutxiago jaso dutelako, Perez Maciasen esanetan.