Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Gaur osatuko da Osakidetzako LEPan aldaketak egitea aztertuko duen lantaldea

Aipaturiko lantaldean Osakidetzako langileen politika eta hautaketa-prozesuak aztertuko dituzte. Osakidetzako LEPan irregulartasunak atzeman ondoren, aldaketak ere proposa ditzake.

Aztertzaileak Osakidetzako LEPko proba bat egiten. Argazkia: EFE
Aztertzaileak Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko proba bat egiten
Aztertzaileak Osakidetzako LEPko proba bat egiten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur osatuko da Eusko Legebiltzarrean Osakidetzako langileen politika eta hautaketa-prozesuak aztertuko dituen lantaldea. Horrez gain, Osakidetzako azken Lan Eskaintza Publikoan (LEP) irregulartasunak atzeman ondoren, aldaketak ere proposa ditzake.

Legebiltzarrak eratzea onartu eta zortzi hilabetera hasiko du bere ibilbidea aipaturiko lantaldeak. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bat egin zuten lantalde hori osatzea eskatzeko. EAJ eta PSE-EE, ostera, aurka agertu ziren, lantalde horretan legebiltzarkideek ez ezik Eusko Jaurlaritzako kideek ere parte hartu behar zutela iritzita.

Oposizioko hiru alderdiek eta sozialistek lantalde horretarako beren ordezkariak aukeratu dituzte: Rebeka Ubera (EH Bildu), Cristina Macazaga (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP). EAJk, baina, ez du oraindik bere ordezkaria nor izango den jakinarazi.

Iragan astean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak jakinarazi zuenez, epaitegiaren esku utziko ditu Osakidetzako azken Lan Eskaintza Publikoko 19 espezialitatetan ustez izandako irregulartasunengatik abiatutako izapideak.

Osakidetzako azterketetako hiru espezialitatetan izandako filtrazioen ustezko arduradunak hiru mediku direla uste du EAEko Fiskaltza Nagusiak. Horrela, inputatu gisa galdekatzeko eskatu zion epaitegiari, sekretuak zabaltzea egotzita.

Fiskaltzaren erabakiaren ondotik, oposizioko hiru alderdiek Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa edo kargugabetzea eskatu zuten. Dena den, oraindik behintzat, ez da horrelakorik gertatu.

Elkarrekin Podemosek proposatuta, Jon Darpon Osasun sailburuak balizko gaitzespen bati aurre egin beharko dio Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk aldeko botoa emango duela aurreratu du. PPk ez du oraindik bere jarrera publiko egin, baina Elkarrekin Podemosetik ziurtzat jotzen dute popularren babesa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Osakidetza Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Lana berriak Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak