Politika -

Greba feminista

M8an 'eragile aktiboak' izateko konpromisoa berretsi dute EH Bilduko emakumeek

Emakumeak "olatu antidemokratikoaren" jo puntua direla ohartarazi dute, eta greba feministan iazko "mobilizazio, aldarrikapen eta batasun ariketa indartsua" errepikatzeko deia egin dute.

EH Bilduko emakumeen agerraldia, Bilbon / Argazkia: EH Bildu.
EH Bilduko emakumeen agerraldia, Bilbon.
EH Bilduko emakumeen agerraldia, Bilbon / Argazkia: EH Bildu.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko emakumeek bat egin dute martxoaren 8ko greba feministarekin, eta jardunaldi osoan zehar "kalean izango diren aldarrikapenak gauzatzeko eragile aktiboak" izango direla adierazi dute.

Bilbon egin duen agerraldian, iazko greba "mobilizazio, aldarrikapen eta batasun ariketa indartsua" izan zela esan du koalizioko emakume talde batek, eta aurten "iaz inoiz baino indartsuago azaleratu zen sentimendu hori berriro ere kalera" ateratzeko deia egin dute, "jendarte honen egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen dutelako".

"Mehatxu berriak" daudela esan dute EH Bilduko emakumeek. Horien artean "mundua, Europa eta Espainiako estatua zeharkatzen ari den olatu autoritarioa" aipatu dute. Esan dutenez, emakumeak dira "olatu antidemokratiko" horren jo puntu nagusietako bat.

"Etxean nahi gaituzte, eskubiderik gabe. Egun garena baino okerrago nahi gaituzte, bigarren mailako herritar bezala nahi gaituzte", esan dute, eta onartuko ez dutela eta "merezi duten erantzuna" emango dietela ohartarazi dute.

Berdintasunaren alde erakundeetan "egunero" lanean ari direla esan dute, bizi eta lan baldintzak eta kontziliazioa hobetzeko eta soldata arrakalarekin eta indarkeria sexistarekin bukatzeko. "Esparru guztiei eragiten dien zerbait" dela adierazi dute.

Gainera, "marko instituzional zentralistak ezarritako trabei ere" aurre egin behar dietela esan dute, "nahi genukeen abiaduran eta norabidean aurrera egitea galarazten digulako". Horregatik, "estatus berri" bat eskatu dute, "herri honen gehiengo politikoak eta sozialak nahi dituen" berdintasunaren aldeko politikak lantzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Grebak Lana Gizartea Ekonomia EH Bildu Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Emakumeen Eguna