Politika -
A28 HAUTESKUNDEAK
Esteban: 'Arrimadasek Marotok egindako bera egingo du; Madril da axola zaien bakarra'
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak bere alderdiak "Euskadin zein Madrilen egiten duen politika arduratsua" goraipatu du, "beste batzuen liskar eta ikuskizunaren aurrean".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ines Arrimadas Ciudadanosen zerrendan joango da apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde nagusietan. Berri hori ezagutu eta gero, "Arrimadasek Marotok egindako bera egingo du" esan du Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak. Gogoan izan behar da Maroto Gasteizko alkate izan zela, eta berriz ere kargu horretara aurkeztu zela 2015ean. Hauteskundeak izan eta 5 egunera, Madrilera joan zen PPko goi kargu izatera.
EGI alderdiko gazteen ekitaldi batean, Arrimadasekin gertatu dena aurretiaz ere ikusi dutela esan du Estebanek. "Javier Marotorekin ikusi genuen hauxe bera. Esan eta esan aritu zen herri batekin edo Euskadirekin erabateko konpromisoa zuela, Arrimadasek Kataluniari buruz esaten duen bezala, baina azkenean, axola zaien bakarra Madril da". Jarrera horren aurrean, "EAJ Madrilera joan eta etorri" dabilela esan du, "eta gainera Euskadiri mesede egiten dioten lorpenak ekartzen ditu, eta hori herriak badaki" gaineratu du.
Aitor Estebanek esan du PPk, PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek ez dutela "akordioa eta politika egitea bilatzen. Egiten dituzten proposamenek euren arteko ezberdintasunak azpimarratzea besterik ez dute nhi, enfrentamendua lortu. Espainiako eguneroko politika liskarra eta liskarra da, eta Euskadi beste muturrean dago. Politika ezberdin bizi dugu, eta EAJk herritarren mesedetan jarduteko erabiltzen du politika. Arduratsua izatea deitzen zaio horri" esan du.