Politika -
23. urteurrena
Fernando Mugicaren semeak 'nazionalpopulismoaren mehatxuaz' ohartarazi du
Azpimarratu duenez, apirileko hauteskundeetako emaitzak emaitza, “guztiaren gainetik demokraten konkordia eta bizikidetza agindua bete beharko da Konstituzioa babesteko”.
agentziak | erredakzioa
Jose Maria Mugicak, ETAk duela 23 urte hildako Fernando Mugicaren semeak, ohartarazi du aurre egin behar zaiola "nazionalpopulismoaren mehatxuari", "jazarpen eta suntsipen politika" horien atzean "Konstituzioa desegiteko nahaia" dagoelako.
Mugicak Donostian egin ditu adierazpenok, PSE-Eek Polloeko hilerrian antolatu duen omenaldian.
Senide, lagun eta alderdikideez gain, bertan izan dira Adolfo Suarez Illana, Espainiako presidente ohiaren semea, Manuel Valls Bartzelonako alkategai independentea (Ciudadanosen babesa duena) eta Eneko Andueza eta Borja Semper Gipuzkoako PSE-EEren eta PPren buruzagiak, besteak beste.
Jose Maria Mugicak ohartarazi du "mehatxua" dela "nazionalpopulismoa" Europarentzat eta Espainiarentzat, eta berretsi du Konstituzioa "suntsitu nahi duten askatasunaren etsaiei aurre" egin behar zaiela.
Azpimarratu duenez, apirileko hauteskundeetako emaitzak emaitza, "guztiaren gainetik demokraten konkordia eta bizikidetza agindua bete beharko da Konstituzioa babesteko".
Jose Maria Mugicak baja eman zuen PSE-EE alderdian, Idoia Mendia idazkari nagusia Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagiarekin batera argazki batean umoretsu agertu ostean, eta ETAren indarkeria ere izan du hizpide. Hala, "Zuzenbidearen Estatu Demokratikoak ekinbide terrorista garaitu" zuela adierazi du, eta gaineratu "hura elikatu zuten gorroto ideiei aurre egin eta garaitu behar direla".