Politika -
Epaiketa prozesu soberanistari
Auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu direla salatu dute defentsako abokatuek
Epaiketaren lehen saioan defentsako abokatuek hartu dute hitza. Oinarrizko eskubidean urratu direla eta epaimahaia inpartziala ez dela salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako prozesu independentistagatik abiarazitako epaiketaren lehen saioa egin dute gaur. Defentsako abokatuek hartu dute hitza eta, besteak beste, hamabi auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu direla eta epaimahaia inpartziala ez dela salatu dute.
Lehen saio honek irudi historikoa utzi du: Gobernu bateko kontseilariak, Parlamentuko presidente bat eta gizarte zibileko bi buruzagi akusatuen eserlekuan eseri baitira, prozesu independentista bat martxan jarri eta erreferendum bat antolatzeagatik.
Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatua izan da lehen hitz egiten. Andrey Van den Eyndek azpimarratu du prozesu judizial honen helburu nagusia Kataluniako Gobernuko kideak "agertoki politikotik kanporatzea" izan dela hasiera-hasieratik.
Halaber, "Parlamentu batean independentziari buruz eztabaidatzea eta erabakiak hartzea" galarazi ezin daitekeela esan du.
"Baloreak eta giza eskubideak defendatzera etorri gara hona; izan ere, kasu honetan eskubide politikoak urratu dira", azaldu dio epaimahaiari.
"Eskubide politikoak bermatu egin behar dira; eskubide horiek kenduz gero, errealitatetik kanpo uzten zaituztete, eta hori gertatu zaio Junqueras jaunari: eskubide politikoak kendu dizkiote eta errealitatetik baztertu dute", salatu du.
Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchezen abokatuak Auzitegi Goreneko epaimahaiaren inpartzialtasuna zalantzan jarri du.
"Izan zaitezte epaile, eta ez aberriaren salbatzaile", esan die Jordi Pina abokatuak, beren lana epaitzea dela eta ez Espainiaren batasuna defendatzea gogoratuz. "Magistratuak zarete, ez heroi nazionalak", erantsi du.
Olga Arderiu abokatuak, berriz, Carmen Forcadell auzibide honetatik kanpo utz dezatela eskatu du, leporatzen zaizkion ekintzak Parlamentuaren bortxaezintasunak eta Kataluniako Estatutuak babesten dituela argudiatuta.
Deskonexio Legea eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumerako deialdia tramitatu izana egozten diote Forcadelli. Alabaina, bere abokatuak gogoratu du Parlamentu bati dagozkion funtzioak baino ez zituela bete egitasmo horiei bide emanda.
Ildo berean, desobedientziagatik auzipetutako gainerako parlamentariak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian epaituko dituztela nabarmen du.
Gauzak horrela, Forcadell "bere izenagatik" soilik epaituko dutela salatu du abokatuak.
Bestalde, Benet Salellas abokatuak adierazi du epaiketa honek "Espainiako gizartearen porrota" islatzen duela, "prozesu judizial hau zuzenbideko estatu demokratiko baten berezko izaeraren kontrakoa baita".
Horrenbestez, Jordi Cuixarten abokatuak esan du epaiketa hau ezin dela planteatutako terminoetan egin eta, beraz, bertan behera geratu beharko litzatekeela erantsi du.
"Epaiketa hasten bada, eskubideen eta askatasunen sistemak inoiz ezagutu ez diren kalte konponezinak izango ditu", nabarmendu du.
Horren erakusgarri jarri du Fiskaltzak bere akusazio idatzian "50 orrialde" erabili dituela "manifestazio baketsuei buruz hitz egiteko". Herritarrek manifestaziorako eta protestarako duten eskubidea kriminalizatzea ekarriko luke horrek.
"Lurralde batasunari buruzko oinarrizko eskubiderik ez dago; aitzitik, modu baketsuan biltzeko oinarrizko eskubidea existitzen da", azpimarratu du.
Fiskaltzak 7 eta 25 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu auzipetuentzat, matxinada, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia delituak egotzita. Estatuko Abokatuak, berriz, 7 eta 12 urteko zigorrak galdegin ditu, sedizioa leporatuta. Herri akusazioak – Vox- 24 eta 74 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu.
Epaiketaren bigarren saioa bihar egingo dute, 10:00etatik aurrera. Akusazioen txanda izango da, baina ez dago baztertuta bihar bertan hastea auzipetuak deklaratzen. Hala bada, Oriol Junqueras izango litzateke lehena hitz egiten.
BIDEOA | Mobilizazio jendetsuak Kataluniako hiriburuetan