Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Hauteskunde orokorrak apirilaren 14ra aurreratzea aztertzen ari da Pedro Sanchez

Hala balitz, eta legeak dioenari jarraituz, datorren astean bertan, otsailaren 19an, Gorteak desegin eta hauteskundeak deitu beharko lituzke Sanchezek.

Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez.
Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorrak apirilaren 14ra aurreratzea aztertzen ari da Pedro Sanchez Espainiako presidentea, bere exekutiboko iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.

2019ko aurrekontuak onartu ezinda, ataka estuan dago Sanchezen Gobernua. Kongresuan bihar hasiko dira oposizioko alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzen, eta gaur-gaurkoz Sanchezek ez dauka aurrekontuak aurrera ateratzeko behar adina babes. Azken egunotan, Kataluniako alderdi independentistekin zituen harremanak eten egin dira, eta horrek, are gehiago zaildu du aurrekontuen bidea.

Espainiako eskuina ere presio handia egiten ari da, Sanchezek hauteskundeak aurrera ditzan. Horren adibide, Cs, PP eta Vox alderdiek Madrilen atzo egin zuten protesta bilkura.

Bozak apirilaren 14ra aurreratzea erabakiz gero, datorren astean bertan desegin beharko lituzke Gorteak Sanchezek, eta hauteskundeak ofizialki deitu, legearen arabera, 54 egun lehenago egin behar baita deialdia.

Maiatzaren 26an egingo dira udal eta foru hauteskundeak eta Europako hauteskundeak, eta 'super-igande' deitu dioten horretan hauteskunde orokorrak deitzea zen aurreikusten zen aukeretako bat, baina sozialistek berehala baztertu zuten aukera hori.

Generalitateak Sanchezen jarrera kritikatu du

Bestalde, Kataluniako Gobernuak Pedro Sanchezen jokabidea kritikatu du, elkarrizketaren bideari berriro heltzeko Generalitatearekin harremanetan jarri beharrean hauteskundeak deitzeko aukera aztertzen ari dela zabaltzeagatik.

"Estatuko Aurrekontuak aurrera ateratzeko Pedro Sanchezen Gobernuak talde independentisten babesa lortzeko interesik badu, talde horiekin jarri behar du harremanetan, zunda-globoak jaurti beharrean", adierazi du Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaileak.  

Hauteskundeak deitzea Sanchezi soilik dagokion ardura dela eta erabaki hori aurreikuspen elektoralaren arabera hartuko duela esan du.  

Kongresuak Estatuko Aurrekontuak atzera botaz gero, hauteskunde orokorrak aurreratzeko balizko aukeraren aurrean "presioa" sentitzen duten galdetuta, Artadik ondokoa erantzun du: "Kataluniako herritarren eskubideak defendatzen jarraitzea da gainean dugun presio bakarra".

Horrez gain, bi gobernuen arteko elkarrizketa prozesua eten izana Pedro Sanchezen ardura dela azpimarratu du. Alde batetik, PSOEren baitan presio egin diotelako, eta bestetik, Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek igandean antolatu zuten manifestaziogatik.

"Eskuinak eta muturreko eskuinak egindako manifestazioagatik eta bere alderdiaren ingurukoek Ciudadanosekin itunak egitea nahiago dutelako geldiarazi zituen elkarrizketak", deitoratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak