Politika -
Maiatzak 26ko hauteskundeak
Podemos Euskadik Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkategaiak aukeratu ditu
Ana Viñals, Aitzole Araneta eta Fernando Lopez del Castillo koalizio morearen zerrendaburuak izango dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako barne hauteskundeak egin ditu Podemos Euskadik. 39 udalerritarako zerrendaburuak eta zerrendak aukeratu ditu koalizio moreak.
Horrela, Ana Viñals, Aitzole Araneta eta Fernando Lopez del Castillo koalizio morearen zerrendaburuak izango dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen, hurrenez hurren. Lopez del Castillok Jorge Hinojal beste hautagaia gainditu du, botoen % 52,11 eskuratuta.
Guztira, Podemos Euskadi 50 udalerri baino gehiagotan aurkeztuko da, beste alderdi batzuekin osatutako konfluentziak kontuan hartuta. Duela lau urte 26 bat udalerritan aurkeztu ziren. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, aldiz, EAEko biztanleriaren % 85ek koalizio morearen “boto-txartel bat izatea” nahi dute.
Barne hauteskundeetan 2.040 pertsonak eman zuten izena, erroldaren % 12,7. Yahcov Ruiz Podemos Euskadiren Antolamendu idazkariak prentsaurrekoa eman du ostiral honetan Bilbon, barne hauteskundeen emaitzen berri emateko.
Ruizen ahotan, “emaitza ona da”, prozesua garatu den udalerrietako pertsonak bakarrik baitzeuden deituta barne hauteskundeetara, hau da, erroldaren % 75.
Ruizek ziurtatu duenez, “oso harro” daude udal hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteaz. “Ausart, aurrerapauso bat emateko erabakia hartu duten ehunka pertsonei” eskerrak eman dizkie, “ezinbesteko elkartasun ekintza delako jauntxokeriarekin, eroskeria sareekin, zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioarekin, hiri ez osasungarriekin eta herri ahaztuekin” bukatzen saiatzeko.
Ruizen hitzetan, “beste alderdi batzuek zerrendak batzokietan edo zuzenean nahierara antolatzen dituzten bitartean”, Podemos Euskadin “demokraziaren eredua praktikatzen dugu, kosta ala kosta”.