Politika -
Legegintzako herri-ekimena
Legebiltzarrak atzera bota du pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako herri-ekimena
Eskubide Sozialen Gutunaren ekinbidea, hots, "kalitatezko babes sozial publiko baten aldeko sistema" defendatzen duen lege proposamena, errefusatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) hobetze aldera aurkeztutako legegintzako herri-ekimenari uko egin dio Eusko Legebiltzarrak, 51.000 sinaduraren babesa zeukan arren.
EAJ, PSE-EE eta PP alderdien kontrako botoak jaso ditu, hain zuzen, "pobrezia eta bazterkeria gainditzeko, kalitatezko babes sozial publiko baten aldeko sistema" proposatzen zuen lege-proposamenak.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, herri-ekimena babestu dute. Besteak beste, DSBEa eskuratzeko adina 23 urtetik 18ra jaistea planteatzen zuen ekinbideak, eta erroldatzea urtebetekoa izatea ere. Halaber, DSBEaren zenbatekoa igotzea proposatzen zuten.
Esan bezala, Legebiltzarraren urteko lehenengo osoko bilkurara iritsi da herri-ekimena, Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi ez badu ere. Lege-proposamena atzera botatzeko orduan arrazoitu dutenez, EAJk eta PSE-EEk dagoeneko aurkeztu dute diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreformarako proposamena.
Nolanahi dela, lege-proposamen horri buruzko eztabaida etenda dago gaur-gaurkoz, oposizioko alderdien babesik lortu ez duelako.
Legebiltzarrean eztabaidatu den bigarren herri-ekinbidea izan da gaurkoa. 10.000 sinadura lortuz gero, mota horretako proposamenak eztabaidatzeko aukera ematen du araudi berriak.
Janire Landaluze ELAko ordezkaria izan da legebiltzarkideen aurrean ekimena defendatu duena. Laguntza sozialen sistema aldatzeko beharra nabarmendu du Landaluzek, beharrizanak handitu direla eta sistemak "murrizketak" izan dituela argudiatuta.
Landaluzeren arabera, eztabaida irekitzeari uko egitea ez da gizarteak eskatzen duena, eta Legebiltzarraren eta herritarren arteko tartea areagotzen du horrek.