Politika -

Alderdien mahaia

Kataluniarentzako errelatore bat izendatzea ‘itxaropenarekin’ hartu du Urkulluk

Lehendakariaren hitzetan, “adostasuna erraztu” eta egoera “normalizatzen” laguntzen duen “guztia ona” da Katalunia, Euskadi eta Estatu osoarentzako.

Iñigo Urkullu lehendakaria. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Kataluniarentzako errelatore bat izendatzea 'itxaropenarekin' hartu du Urkulluk
Lehendakariak begi onez ikusten du errelatorearen figura

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako alderdien mahairako errelatore bat izendatzea babestu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Neurria “itxaropenarekin” hartu du EAEko buruzagiak. Lehendakariaren ahotan, “adostasuna erraztu” eta egoera “normalizatzen” laguntzen duen “guztia ona” da Katalunia, Euskadi eta Estatu osoarentzat.

Erabakiak sortutako kritiken eta PPk Pedro Sanchezen kontrako zentsura-mozioa aurkezteko aukeraren aurrean, politika “krispazioa” sortzeko erabiltzen duten buruzagiak izatea deitoratu du Urkulluk.

Urkulluk Lantarongo (Araba) enpresa bat bisitatu du astearte honetan. Errelatorearen bidez “bi aldeen elkarrizketarako gaitasuna erraztu” nahi dela uste du lehendakariak.

Aldez aurretik errelatore bat izendatu behar zuten berririk izan ez duela adierazi du agintariak, eta “bi aldeen artean adostutako” erabaki bat izatea espero du, Kataluniako eta Espainiako Gobernuei erreferentzia eginez.

Urkulluk Espainiako Estatuan "politika egiteko modua krispazioan oinarritzea" deitoratu du

Neurria “itxaropenarekin” hartu du Urkulluk; izan ere, “elkarrizketan sakontzeko” beharrezkoa dela uste du. “Alde bakoitzaren jarrerak eta errealitateak testuinguruan jarri eta irakurtzen jakin behar dute”, azpimarratu du EAEko buruzagiak.

Kataluniako egoera aztertzeko alderdien mahaian errelatore gisa aritzeko aukera ez du aztertu lehendakariak, baina Generalitateak Urkulluren izena baztertu du dagoeneko. Hala eta guztiz ere, Kataluniako politikarien aurkako epaiketan, Auzitegi Gorenean, lekuko bezala deklaratu beharko duela gogorarazi du lehendakariak.

Erakundeen ekintza politikoa “epe luzera begira” bideratu behar dela uste du Urkulluk, “driblinean” eta “aurkari politikoari kalte egiten saiatu” beharrean.

“Aurkari politikoak arerioak” ez direla zehaztu du lehendakariak. Horregatik, Espainiako Estatuan “politika egiteko era krispazioan oinarritzea” deitoratu du, “herritarren ongizaterako konponbideak bilatu” beharrean.

BIDEOA: Eskuinak elkarretaratzea deitu du Sanchezen aurka, Madrilen

Eskuinak elkarretaratzea deitu du Sanchezen aurka, Madrilen
Eskuinak elkarretaratzea deitu du Sanchezen aurka, Madrilen
Eskuinak elkarretaratzea deitu du Sanchezen aurka, Madrilen

1:11
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Iñigo Urkullu Kataluniako erreferenduma Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak