Politika -

Katalunia

Kataluniari buruzko alderdien mahaian errelatore bat egotea onartu du Espainiak

Errelatorea nor izango den eta alderdien mahaian zein gai eztabaidatuko diren adostea eskatu dio Generalitateak Pedro Sanchezen Gobernuari.

Pere Argones, Elsa Artadi, Carmen Calvo eta Meritxell Batet, abenduan egindako bileran. EFE
Espainiako Gobernuak eta Generalitateak abenduan egin zuten bilera.
Pere Argones, Elsa Artadi, Carmen Calvo eta Meritxell Batet, abenduan egindako bileran. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak onartu egin du Kataluniako gatazka politikoari buruzko alderdien mahaian errelatore edo koordinatzaile bat egotea, baina ukatu egin du pertsona hori bitartekari bat izango dela.

"Gobernuan eta Alderdi Sozialistan ez dugu bitartekaririk behar. Gehienez, alderdien mahaia koordinatu eta oharrak hartuko dituen pertsona bat beharko dugu, baina bitartekaririk ez", azpimarratu du Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Koordinatzaile edo errelatore lan hori nork egingo duen, baina, ez du argitu. "Gertatzen ari dena ondo ulertzen duen norbait izan beharko litzateke, lurralde antolakuntzan krisi garrantzitsu bat konpontzea baita helburua", erantsi du.

2018ko abenduaren 20an, Carmen Calvok bilera egin zuen Pere Aragones eta Elsa Artadi Generalitateko arduradunekin, eta orduan aztertu zuten Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko alderdien mahai bat abian jartzea. Elkarrizketa instituzionaletik harago, kanal alternatibo bat irekitzea beharrezkotzat jo zuten alderdiek malgutasun gehiagorekin hitz egiteko aukera izan dezatela bermatzeko.

Alabaina, mahai hori oraindik ez da abian jarri, besteak beste, bi arrazoirengatik. Batetik, foro horretan Kataluniako alderdiak soilik egotea nahi du Espainiako Gobernuak, baina independentistek Estatu mailakoa izatea gura dute, Podemosek ere parte har dezan. Bestetik, Kataluniako alderdiek bitartekari bat egotea nahi dute, balizko akordioak bete egingo direla ziurtatzeko.

Atzo, ERCk eta PDeCATek nabarmendu zuten alderdien mahaia osatu ezean Estatuko Aurrekontuen aurrean osoko zuzenketak aurkeztuko dituztela. Calvok esan du gaurko iragarpenak ez duela inolako loturarik atzoko ultimatumarekin.

Generalitatea, errelatore kontzeptuarekin ados

Bestalde, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak esan du Carmen Calvok egindako proposamenarekin ados dagoela Generalitatea.

"Errelatore kontzeptuari ondo deritzogu. Albiste ona da", adierazi du Artadik Generalitatearen Jauregian, Quim Torra presidenteak JxCAT, ERC, En Comú Podem eta PSC talde parlamentarioetako ordezkariekin egindako bileraren ostean.

Hala ere, independentismoak ezarritako baldintzak bete gabe jarraitzen dutela gogoratu du Artadik; izan ere, errelatorea nor izango den eta alderdien mahaian eztabaidatuko diren gaiak eta egutegia Espainiako Gobernuarekin adostu nahi du Generalitateak.

Halaber, berretsi egin du foro horretan Kataluniako nahiz Estatuko alderdiak egon behar dutela.

Horrez gain, Artadik esan du Espainiako Gobernuak alderdien mahaian errelatore bat izatea onartu izanak ez duela esan nahi talde independentistek Estatuko Aurrekontuen kontrako osoko zuzenketarik aurkeztuko ez dutenik.

Hori hala izan dadin, aurrez, Pedro Sanchezen Gobernuak arestian esandako baldintzak bete behar dituela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Gobernua