Politika -

Katalunia

2020ko otsailera arteko gaitasungabetzea ezarri diote Masi, A-9ko galdeketagatik

Gainera, 36.000 euroko isuna ordaintzeko galdegin dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak. Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak ere gaitasungabetu ditu.

Artur Mas. Artxiboko irudia: EFE
2020ko otsailera arteko gaitasungabetzea ezarri diote Masi
Artur Mas. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidente ohiari 2020ko otsailaren 23ra arteko gaitasungabetzea ezartzea erabaki du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, azaroaren 9ko galdeketa antolatuta desobedientzia delitua egin zuela argudiatuta. Bestalde, zigortu zuten unean ezarri zioten 36.000 euroko isuna ordaintzea agindu dio.

Kataluniako Auzitegiak Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak ere gaitasungabetu ditu: bederatzi hilabeterako gaitasungabetu du lehena, eta sei hilabeterako, bigarrena. Gainera, 30.000 eta 24.000 euroko isunak jarri dizkie.

Urtarrilaren 23an eman zuen Auzitegi Nagusiak epaia. Horrenbestez, egun hori hartuko dute kontuan epeak betetzeko; alegia, egun horretatik aurrera izango da indarrean gaitasungabetzea.

Ebazpenaren aurka ezingo dute helegiterik jarri. Beraz, Masek, Ortegak eta Rigauk ez dute kargu publikorik izateko aukerarik izango zehaztutako epea bete arte.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bi urteko gaitasungabetzea ezarri zion hasiera batean Masi, bederatzi hilabetekoa Ortegari eta urtebete eta sei hilabetekoa Rigauri. Iazko urtarrilean, baina, defentsen helegiteak aztertu ostean, zigorrak murriztu zizkien.

Francesc Homs kontseilari ohia ere gaitasungabetu zuten, baina Gorenean epaitu zuten, Kongresuan diputatu zelako. Dagoeneko bete du zigor osoa.

Masen kasuan, desobedientzia delitua egotzi zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, "bizikidetza baketsua" bermatze aldera bete beharreko demokraziaren oinarrizko printzipioak urratu zituela iritzita. Hain zuzen ere, azaroaren 9ko galdeketa deitzeagatik leporatu zioten desobedientzia delitua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Artur Mas Kataluniako prozesua zuzenean