Politika -
Auzitegi Nazionala
Asier Aginako presoaren zigorra bertan behera utzi dute gaixotasun larria duelako
Bestalde, Oier Goitia, Javier Atristain eta Andoni Murga presoak lekualdatzeko agindua eman du Espetxe Zuzendaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Asier Aginako Etxenagusia presoa aske utzi dute ostegun honetan, gaixotasun larria duelako, Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak jakitera eman duenez.
Presoaren abokatuek egindako eskakizuna onartu egin du Auzitegi Nazionalak. Presoaren osasun egoera kontuan hartuta, tratamendu medikoa baldintzarik onenetan eta beharrezko bermeekin jasotzeko eskubidea duela ebatzi du.
Asier Aginakoren askatasunarekin “lasaitua” hartu dutela azaldu du Etxeratek agiri batean. Eritasun larriak dituzten presoen egoera berriro mahai gainean jarri du elkarteak. “Guztiak askatzea beharrezkoa da osasunerako eskubidea dutelako”, nabarmendu du.
Elkarteak gogorarazi duenez, 21 presok gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzte egun.
Hiru lekualdaketa
Bestalde, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak beste hiru preso lekualdatzeko agindua eman du.
Horrela, Oier Goitia Abadia Murtziatik Asturiasera eramango dute, Javier Atristain Gorosabel Murtziatik Soriara eta Andoni Murga Zenarruzabeitia Teixeirotik (Coruña) Zuerara (Zaragoza). Egun indarrean dagoen espetxe legedia onartu dute hirurek.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Oier Goitia 2010eko ekainaren 18an espetxeratu zuten, eta 10 urteko kartzela-zigorra betetzen ari da armak eta munizioak gordetzeagatik. 2017ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Javier Atristain 2013ko maiatzaren 4an bidali zuten kartzelara, eta 17 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da zilegi ez den elkarte bateko kide izateagatik eta armak eta munizioak gordetzeagatik. 2024ko urtarrilean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Azkenik, Andoni Murga 1996ko abuztuaren 18an espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da atentatua egin, banda armatuari lagundu, lehergailuak izan eta gorde eta arma-trafikoa egiteagatik. 2015ko maiatzean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.