Politika -
Memoria historikoa
Martin Villa frankismoaren hilketengatik epaitua izateko kanpaina abian jarri dute
30 bat elkartek eta biktimen senideek Rodolfo Martin Villa frankismoaren ministro ohia epaitua izateko ekimena aurkeztu dute.
Agentziak | Erredakzioa
30 bat elkartek eta biktimen senideek Rodolfo Martin Villa frankismoaren ministro ohia epaitua izateko ekimena aurkeztu dute ostegun honetan, frankismoaren garaian eta trantsizio politikoan izandako hilketak egotzita.
Manuel Ruiz frankismoaren biktimetako baten anaiak prentsaurrekoan azaldu duenez, kanpaina abian jartzeaz gain, kereila bat edo batzuk aurkeztuko dituzte Espainian Martin Villaren aurka.
Ruizekin batera, Angeles Lopez abokatua eta Chato Galante La Comuna frankismoaren preso eta errepresaliatuen elkarteko ordezkaria izan dira. "Diktaduran zein trantsizio politikoan gertatutako gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko eta ikertzeko Espainiak duen inpunitate politika" salatu dute gaur prentsaurrekoan irakurritako manifestu batean.
Angeles Lopezek azaldu duenez, ekimenarekin batera hainbat salaketa jarriko dituzte Espainia mailan, baina kaltetuak izango dira taldekako edo banakako kereila aurkezten duten erabakiko dutenak.
Horrenbestez, Martin Villari egotzitako delituen inpunitatea saihesteko ekimen judizialen bat aurrera eramango dutela azaldu du abokatuak, Espainiak Martin Villaren estradizioa ukatu baitio Argentinan frankismoaren delituak ikertzen dituen Maria Servini epaileari.
Bestalde, Martin Villari egotzitako delituak preskribatu direla eta Espainian deklaratzera behartzeko arrazoirik ez dagoela esan die Fiskaltzak. Ildo horretan, 1977an Espainiak Amnistia Legea onartu zuela gogoratu du Fiskaltzak.
Chato Galanteren hitzetan, ordea, Nazio Batuen Erakundeak jasotakoaren arabera, "gizateriaren aurkako krimenak ez dira preskribitzen eta ezin dira amnistiatuak izan".
Ostegun honetan manifestua eta hainbat bideo ezagutzera eman ostean, Diputatuen Kongresuan, erkidegoetan, udaletan, Europako Parlamentuan eta NBEn hainbat ekimen aurkeztuko dituztela azaldu dute kanpainaren sustatzaileek, Martin Villa epaitua izateko aukera berresten dituzten babesak lortzen saiatzeko.