Politika -

'Egin'en itxiera

'Gara'k 3 milioi eurotik gora ordaindu beharko ditu 'Egin'en zorragatik

Egunkariak jasotako kolpe latza "espoliazioa" izan dela esan du 'Gara'ko zuzendaritzak. Horregatik, "babesa" eskatu die erakundeei eta euskal gizarteari.

'Egin' egunkaria. ETBren bideo batetik ateratako irudia
'Gara'k 3 milioi eurotik gora ordaindu beharko ditu 'Egin'en zorragatik
'Egin' egunkaria. ETBren bideo batetik ateratako irudia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garak 20 urte bete dituen egun berean, Iñaki Soto zuzendariak prentsaurrekoa eman du, Eginen zorra kitatzeko, Gizarte Segurantzarekin lortutako aurreakordioa iragartzeko.

Berriro ere, "kolpe latza" jaso dutela esan du Gara egunkariaren zuzendaritzak, eta "lasaitasunez" egin beharko diotela aurre. Horretarako, erakundeei eta euskal gizarteari "babesa" eskatu die.

Baltasar Garzon epaileak duela 21 urte agindu zuen Eginen itxiera, eta bost urte geroago, Gararen esku utzi zuen aipatutako egunkariak Gizarte Segurantzarekin zuen zorra kitatzea, "enpresen arteko ondorengotza ideologikoa" argudiatuta.

2009an Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat jo zuen egunkari horren itxiera, baina ez zuen Gara zorra ordaintzetik salbuetsi.

"Zorraren ordainketa ez da inondik inora ere bidezkoa. Espainiako justiziak ilegalki itxi zuen egunkaria, Egineko arduradunak baldintza latzetan espetxeratu zituen, haien ondarea suntsitu zuen eta guregana etortzea erabaki zuen azkenik. Milaka lagunen ekarpenari esker, egunkari berri bat sortzeko kapitala lortu, talde berri bat eraiki eta proiektu berri bat abiatu genuen. Halere, enpresen arteko ondorengotza ezarri ziguten, eta, ondorioz, zorrari aurre egin behar izango diogu", kritikatu du Sotok.

"Sei hilean behin milioi erdiko ordainketak egitera behartu gaituzte. Horrek esan nahi du hiru milioitik gorako zorra ordaindu beharko dugula. Urte osoan gure langileek jasotzen dituzten ordainsarien zenbatekoa gainditzen du zorrak", salatu du.

Bukatzeko, Gararen zuzendaritzak eskerrak eman dizkie prozesu honetan lagundu dieten instituzioei, erakundeei eta herritarrei. "Jasotako kolpea gorabehera, eztabaida publikoan eragina izaten jarraitzeko asmoa dugu, pertsona kritikoak nahi ditugu. Hori dela eta, erakundeekin, alderdiekin eta gizarte zibilarekin elkarrizketa aro bat zabalduko dugu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza