Politika -
Auzitegi Gorena
Kataluniako politikari presoak Madrilera eramango dituzte ostiral honetan
Gizonak Soto del Realeko espetxera eramango dituzte, eta emakumeak Alcala de Henareseko kartzelara. Epaiketak irauten duen bitartean bertan egongo dira.
Agentziak | Erredakzioa
Epaiketari begira, buruzagi independentistak Madrilera datorren ostiralean eramango dituztela jakinarazi die Auzitegi Gorenak presoen defentsei. Epaiketa datozen asteetan hastea espero da.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Gorenak erabaki berri bat igorri die presoen abokatuei; izan ere, iragan astean lekualdaketa astearte honetan hasi behar zela azaldu zuen. Generalitateko Justizia Departamentuak lekualdaketa ostiralera arte atzeratu duela adierazi du Gorenak.
Hala ere, Justizia Departamentuak ez du lekualdaketa noiz egingo duten ofizialki baieztatu, ezta Barne Ministerioak ere. Horrela, mobilizazio posibleen aurrean segurtasuna bermatu nahi dute.
Lehen fase batean, Mossoek presoak Lledoners (Bartzelona), El Catllar (Tarragona) eta Puig de les Basses (Girona) espetxeetatik Sant Esteve Sesrovireseko (Bartzelona) Brians 2 kartzelara eramango dituzte; izan ere, Generalitateko Espetxe Zerbitzuen eta Barne Ministerioko Espetxe Zuzendaritzaren arteko lotura zentroa da.
Ondoren, Guardia Zibilak Soto del Realeko espetxera eramango ditu, gizonezkoen kasuan, eta emakumeak Alcala de Henareseko kartzelara. Epaiketak irauten duen bitartean bertan egongo dira.
Dolors Bassa kontseilari ohia Puig de les Basses espetxean dago preso; Carme Forcadell Parlamentako presidente ohia Mas de Enric kartzelan eta zazpi gizonak (Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Josep Rull, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart) Lledonersen.
Bestalde, epaiketaren saio bakoitzean nazioarteko bost begirale aretoan egon ahal izateko tokia gordetzea eskatu dio giza eskubideen aldeko elkarteen plataforma batek Auzitegi Gorenari.
International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute astearte honetan. Giza eskubideen nazioarteko begiraleen eta legelarien presentzia kudeatzeko eta errazteko plataforma da.
Giza Eskubideen Defentsarako Kataluniako Elkarteak, Giza Eskubideen Kataluniako Institutuak, Iridia Zentroak, Novact Elkarteak, Bartzelonako Unibertsitatearen Giza Eskubide eta Zigor Sistemako Behatokiak eta Praga Kolektiboak bultzatu dute plataforma.