Politika -
Premiazko Aurrekontu Neurriak
Aurrekontuetan laguntzeko legera 250 milioi bideratzea onartu du Jaurlaritzak
Lege proiektuak oposizioaren onarpena behar du orain. Hala balitz, funtzionarioen soldatak % 2,5 igo eta itunpeko ikastetxeetako langileen osagaiak eguneratuko lituzkete, besteak beste.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2019. urterako Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua onetsi du gaur. Horrekin, 2018ko Aurrekontu Orokorren luzapena osatu nahi du.
Aurrekontuei hertsiki lotuta dagoen lege proiektua da aipatutakoa, eta berehala bideratzeko eta aplikatzeko beharra ikusten du Jaurlaritzak, barne hartzen dituen neurrien izaera dela eta.
Hain zuzen ere, lege proiektu horretara 250 milioi euro bideratu nahi dituzte. Onartutako neurrien artean, besteak beste, ondorengoan aipatu dituzte: langile publikoei soldatak % 2,5 igotzea, itunpeko ikastetxeetako beharginen osagaiak eguneratzea eta diru-sarrerak bermatzeko errenta % 2,5 igotzea.
Eusko Legebiltzarra eta EHU
2019ko Aurrekontua 31.100.000 eurokoa da (luzapenak 30.250.000 euro jasotzen zituen).
Euskal Herriko Unibertsitateak, bestalde, 314.040.099 euro izango ditu, 2018ko luzapenean aurreikusitakoa baino 10.045.915 euro gehiago.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta
Orokorrean, % 3,5eko igoera izango du aurten diru-sarrerak bermatzeko errentak, 2018koarekin alderatuta. Alabaina, pentsiodunen kasuan % 4,5eko igoera aplikatu nahi dute.
Itunpeko ikastetxeakLege Proiektu honek baita, itunpeko ikastetxeetako moduluetako langileen osagaien eguneratzea jasotzen du, 2019ko aurrekontu proiektuan dagoeneko aurreikusita zegoena.
Zehazki, Hezkuntza Sailaren esku dauden unibertsitatetik kanpoko ikastetxe publikoetako langileen igoera bera izango dute; hots, % 2,5ekoa. Nolanahi dela, portzentaje horrek igoera izan dezake ikasturtean zehar.
Azpiazuren esanetan, aurrekontuetako neurriak "koherenteak" dira eta babesa espero du
Aurrekontuen proiektua aurrera ateratzeko babesa izatea espero duela esan du astearte honetan Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Azpiazuren esanetan, neurriak "koherenteak" dira eta irakurketa bakarrean bideratu daitezke.
Gobernu Bileraren osteko ohiko prentsaurrekoan Azpiazuk aurrekontu-proiektuaren berri eman du, baina EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengoa Eusko Legebiltzarrean onartzeko, eta baliteke bertan behera gelditzea.
Oposizioko taldeek oraindik ez dute esan zer egingo duten; izan ere, talde batek ere ez du proiektuaren neurri guztiak ontzat hartzen.
Jardunbide horrek, ordea, testua osotasunean onartzera behartzen ditu alderdiak. Hau da, ezin dute, EH Bilduk proposatu duen bezala, lege proiektua zatika bozkatu. Horren harira, Parlamentuko Mahaiak gaur bertan eskatu du proposatutako tramitazioa legezkoa den argitzea, alegia, lege horretan planteatutako neurriak banan-banan bozka daitezkeen jakinaraztea.
Dena dela, Azpiazuk ziurtatu du Diputatuen Kongresuan bideratu dituzten antzeko neurriak babestu izan dituztela oposizioko hiru alderdiek, orain arte.
Proiektua “negoziatzeko bideak zabaltzea eta inposaketak bazterrean uztea” eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari. Era berean, egitasmoa modu “demokratikoagoan eta oposizioko taldeek zuzenketak aurkezteko duten eskubidea onartuz” tramitatzea eskatu du koalizioak.
Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen ahotan, “bere burua elkarrizketaren gobernu izendatu zuen Jaurlaritzak aurrera ez ateratzeko arriskua duen aurrekontu lege bat aurkeztu du berriro, ez duelako inorekin negoziatu”. “Gainera, beharrezkoa ez den salbuespen prozedura baten bidez eta ez dagoen premia batekin tramitatu nahi du, onartu nahi den legearen beraren atzeraeragina kontuan hartu barik”, erantsi du.
Proiektuak Euskadiko sektore publikoaren “behin-behinekotasuna betikotzen” duela salatu du ELAk. Exekutiboak planteatu duen soldata igoera “nahikoa ez” dela uste du sindikatu abertzaleak, 2019ko aurrekontu proiektuan jasotakoa baino txikiagoa delako.
Egitasmoa “berriro kutxan gordetzeko” eskatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari, “neoliberala” delako. “Etekin propiorako enplegu publikoaren prekarietatea berriz erabiltzea”, leporatu dio sindikatuak Exekutiboari.