Politika -
Ikerketa batzordea
CAN auzian 'ez da ezkutuko ezer edo legez kanporik egon', Miguel Sanzen hitzetan
Foru Gobernuko eta Nafarroako Kutxako presidente ohiak salatu duenez, 'batzuek' auzia politizatzeko asmoa izan dute. 'Kutxabanken sartu izan balitz, ez genuke ikerketa batzorderik izango', esan du.
Agentziak | erredakzioa
Nafarroako Kutxaren desagertzeaz eta CaixaBanken integratzeko prozesua, CAN auzia bezala ezagutzen dena, ikertzeko Nafarroako Parlamentuan abiatutako ikerketa batzordean agerraldia egin du gaur Miguel Sanz Foru Gobernuko eta Nafarroako Kutxako presidente izandakoak. Nabarmendu duenez, prozesu guzti horretan ez zen "ezkutuko ezer ere" egon, "ezta legez kanpokoa ere".
Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak egindako galderei erantzunez hasi du saioa Sanzek. Gogorarazi duenez, Nafarroako Kutxako presidente "ez-exekutiboa" izan zen 1996tik 2010eko ekainera arte. Horrez gain, CANeko erakunde sortzaileetako batzordeko —erakunde "aholku-emailea", horren hitzetan— presidente ere izan zen 15 urtez.
Azaldu duenez, legeak hala behartuta desagertu zen Nafarroako Kutxa, eta ildo horretan, "ezker erradikalak sustatutako 'gehiago jakin behar' hori" salatu du, prozesuan "ezkutuko zerbait egongo balitz moduan". Sanzen aburuz, Nafarroako Kutxa "ez da batere txarto atera" CaixaBanken amaituta.
"Nire jardunean beti lege izan ditudan zintzotasuna eta gardentasunari jarraiki, esan behar dut Nafarroako Kutxaren desagertzeaz politikoki interesatua zen eztabaida bat sortu zutela, baina Nafarroako Kutxa Espainiako aurrezki kutxa guztiak bezala transformatu zen", azpimarratu du.
Sanzen arabera, "Nafarroan eta Nafarroako Kutxan ez da ustelkeria kasurik egon", eta Nafarroako Kutxa CaixaBanken sartzea "ez da euro publiko bat ere kostatu".
2004an kutxa "profesionalizatzeko eta despolitizatzeko" ¿estatutuak aldatu zituztela azaldu du Sanzek. Presidente ohiaren hitzetan, profesionalizatze hori eredugarritzat jo zuen Elena Salgado ministroak berak. Era berean, nabarmendu duenez, "inoiz ez nuen ezertxo ere egin nire edo senitartekoen mesederako. Ezein zuzendarik ezingo du kontrakoa esan".
"CAN Kutxabanken sartu izan balitz, ez legoke ikerketa batzorderik"
Auziaren ustezko politizazioaren adibide da, Sanzen aburuz, Nafarroako Kutxa CaixaBanken sartzeagatik sortutako polemika. Argudiatu duenez, "Kutxabanken sartu izan balitz, ez legoke ikerketa batzorderik. Batzuek nolabaiteko frustrazioa izan dute horrekin".
Horrez gain, esan du ez dakiela Kontuz elkartea —hark jo zuen epaitegietara CAN auzia dela eta— eta EH Bildu gauza bera ote diren, "baina nahikoa antzekoak dira", erantsi du. "Horren adibide behinena da Kontuzen protagonistak, sortzaileak eta partaideak erantzukizun politikoak dituztela, batzuk hauteskunde zerrendetan joan dira eta beste batzuk EH Bildu talde parlamentarioko kideak dira", adierazi du.
Sanzen arabera, "orain talde batzuek, Kontuzek adibidez, Nafarroako Kutxa defendatzen dute, finantza jardun zuzena ez duenean, eta bazuenean, Kontuzen lagunek, kale borrokaren bidez, kutxazainak erretzen zituzten. Nafarroako Kutxaren berri izan nahi dute orain, baina lehen ezertxo ere ez. Alfonbrak altxatu eta manifestazioak egin dituzte, baina ez dute legez kanpoko ezertxo ere topatu".