Politika -

Altsasuko auzia

Hasi dira Altsasuko gazteen epaia berrikusten Auzitegi Nazionalean

Apelazio Salaren hasiera bateko asmoa zen bista urtarrilaren 14tik 16ra egitea, baina lekukoen hainbat froga eta defentsek aurkeztutako dokumentuak jaso ostean, epaiketa atzeratzea erabaki zuten.

Manifestazioa Iruñean, Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen epaia berrikusiko du asteazken honetan
Manifestazioa Iruñean, Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalaren Apelazio Salak urtarrilaren 23ra eta 24ra atzeratu zuen Altsasuko gazteen epaia berrikusteko bista. 2016ko urrian bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatu zieten auzipetutako gazteei, eta 2 eta 13 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten gertakari horrengatik.

Hasiera batean, urtarrilaren 14rako, 15erako eta 16rako deitu zuten bista, baina, azkenik, atzeratzeko erabakia hartu zuten lekukoen hainbat froga eta defentsek aurkeztutako zenbait dokumentu jaso ostean.

Froga horiek onartzeak eragin zuen epaiketa atzeratzea, besteak beste, Auzitegiak defentsek proposatutako lekuko berriak deitzeko denbora izan zezan, ANk jakitera eman zuenez.

Zigor-arloko lehen sekzioak ekainean eman zuen zortzi auzipetuan aurkako epaia. Agintarien aurkako delitua eta lesioak, desordena publikoa eta mehatxuak egotzi zizkien guztiei. Fiskaltzak esandakoaren kontrara, epaileak baztertu egin zuen ustezko erasoa terrorismoarekin lotuta egotea, baina gertakari "oso larriak" izan zirela ebatzi zuen.

Horren aurrean, Fiskaltzak ere helegitea jarri zuen ebazpenaren aurka; izan ere, horren ustez, "agenteek jaso zuten jipoia aldez aurretik planifikatutako erasoa izan zen eta helburu terrorista zeukan".

Epaiaren arabera, Guardia Zibilarenganako gorrotoak eta iritzi ideologikoek zerikusia izan zuten erasoan, baina ukatu egin zuen auzipetuek ETArekin loturarik izatea.

Aitzitik, Fiskaltzak uste du "Guardia Zibila Altsasutik ateratzea" zela ustezko erasotzaileen asmoa, "haien moduan pentsatzen ez dutenei beldurra eragiteko asmoz edo".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak azken ordukoa