Politika -

'Orain Presoak'

Sanchezen urratsak ez direla nahikoa uste du Sarek, eta kaleak hartzeko deia egin du

Larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du presoen eskubideen aldeko plataformak.

Sareren prentsaurrekoa, Bilbon / Argazkia: EITB.
Sareren prentsaurrekoa, Bilbon.
Sareren ustez Gobernuak ez ditu agindutako urratsak eman espetxe politikan

1:35

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu du Sarek. Urtarrilaren 12an, larunbata, Bizkaiko eta Lapurdiko hiriburuetako kaleetan zehar manifestazioa egingo du 'Orain Presoak' dinamikak, 17:00etatik aurrera.

Itxaropena eta kezka adierazi dituzte prentsaurrekoan Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga bozeramaileek, "orain arteko aldaketa txikiak ikusita, eta aldaketa horien erritmoa ikusita, zuhurtzia eta zalantzen urtea" izango dela uste baitute.

Aurrerapausoak eman direla azpimarratu dute, baina Sanchezen Gobernuaren "espetxe politika berriaren inguruko mezu itxaropentsu horiek, oraingoz, errealitatean, hitzak baino ez direla izan" uste dute.

Eskerrak eman dizkiete manifestazioetan parte hartuko duten alderdi, sindikatu eta eragileei, eta baita "bertan ez egotea erabaki duten horiei". Azaldu dutenez, "mobilizazioan egongo ez diren arren, badakigu egungo espetxe politika aldatzearen alde daudela".

Presoen eskubideak hauteskundeetan ez erabiltzea eskatu diete alderdi politikoei. "Hauteskunde giroan murgilduta dauden bitartean, ez dezatela presoen egoera kezkagarri hau euren arteko ika-mikak edo desadostasunak elikatzeko tresna gisa erabili", eskatu du Sarek.

Era berean, presoena "agendaren lehentasunezko gaia" izan dadila eskatu diete alderdiei, giza eskubideak "betearazteko konpromiso eta bermean baitatza demokrazian bizitzea".

ETAren desegitea "bake prozesuaren bidean bereziki garrantzitsua” izan zela azpimarratu dute. "Gure herrian urte luzez min eta sufrimendua sorrarazi duen indarkerietako bat behin betirako" desagertzea oso positibotzat hartu du Sarek 2018 urtearen balorazio politikoan. "Herritar askok eta askok garai ilun bati amaiera eman zitzaiola sentitu genuen", gehitu du Sarek.

Azkenik, Eusko Legebiltzarrean Estatus berriaren testua idazten ari den lan taldeari "euskal presoen eskubideak jasota gera daitezen" eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilboko azken albisteak Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Baiona Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Espetxeen albisteak gaur Lapurdiko berriak