Politika -

Presoen aldeko manifestazioa

EH Bilduk Bilbora joateko deia egin du: 'Sakabanaketaren bidea desegin beharra dago'

Maddalen Iriarte eta Julen Arzuaga legebiltzarkideek bat egin dute Bilbon eta Baionan presoen alde deitutako manifestazioekin.

Iriarte eta Arzuaga, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Iriarte eta Arzuaga, prentsaurrekoan.
Iriarte eta Arzuaga, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko presoak hurbiltzearen alde Bilbon larunbat honetan deituta dagoen manifestaziora joateko deia egin die herritarrei EH Bilduk. Koalizio abertzalearen ustez, "sakabanaketa politikaren ondorioz egindako bidean atzera egin beharra dago".

Maddalen Iriarte eta Julen Arzuaga legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, eta EH Bilduren izenean, babesa adierazi diete Bilbon zein Baionan deitutako dauden manifestazioei eta euskal gizarteari "kaleak betetzeko" deia egin diote.

Euskaraz Iriartek irakurritako agirian diotenez, "sakabanaketa politika 1989an jarri zuten indarrean, oso bestelako egoera politikoan". 30 urte hauetan ezarritako "salbuespeneko neurriak" eta "euskal preso politikoen kolektiboa osatzen duten pertsonen bizi baldintzak okerrera egin" dutela gogorarazi du EH Bilduk, eta presoei zein euren senitartekoei "urratutako eskubideak" salatu dituzte.

EH Bilduren esanetan, "egindako bidea desegitea dagokigu. Gizarte honi mina, sufrimendua eta kaltea baino ekartzen ez dion dinamika anker honi amaiera eman beharra daukagu". "Duela 30 urte eta PSOEren gobernuaren eskutik indarrean jarritako sakabanaketa politikaren ondorioz egindako bidean atzera egin beharra dago, eta kontrako bideari ekin, presoak Euskal Herrira, etxera, ekartzeko", adierazi du.

Koalizioak ez ditu ukatu azken hilabeteotan Frantziako Gobernuak egindako "aldaketak" eta Espainiako Gobernuak gai horrekiko egindako "diskurtso aldaketak". "Aurreko Espainiako gobernuarekin irudikatu ere ez genituen egiten diskurtso aldaketa eta mugimendu horiek. Baina muturreko posizioetatik ez dute arindu, ezta gutxiago ere, krudelkeriaz, gizatasun eta sentsibilitate faltaz eta mendekuaz jantzitako diskurtsoak", erantsi du Iriartek.

Dena dela, EH Bilduren aburuz, orain "bide horretan beste martxa bat sartu beharra dago, euskal preso politikoek bizi duten egoera aldatzeko eta konponbiderako bestelako eszenatokia eraikitzeko beste martxa bat sartu eta inplikatu beharra dago"

Horren ildoan, "euskal gizartearen inplikazioa" beharrezkoa dela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, "kalean mobilizaziorik ez badago ezinezkoa da aldaketa politikoak gertatzea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Presoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak